Konpostatzea

Debagoieneko Mankomunitateak kudeatzen duen etxeko hondakinen bilketa zerbitzutik, batu eta tratatu beharreko hondakinen murrizketa lortze aldera, hondakin organikoen konpostatzea bultzatu nahi da.

Autokonpostatzeko hitza emandakoei konpostatzea zertan datzan azaltzeko ikastaro bat emango zaizue eta ondoren, konpostagailua eta hondakinok batzeko eta garraiatzeko edukiontzi bana banatuko zaizue, guztia dohainik. Gainera, konposta egiteak hobariak eragingo dizkizu hondakinen bilketa tasan.

 

Zer da konposta?

Hondakin organikoen fermentazio naturalaren emaitza da. Fermentazio hori basoan egiten denaren berdina da. Fermentazioak basoko lur hezearen usaina du, eta zakutan erosten dugun landare-lurra bezalakoa da.

Leku asko behar du?

Konposta-kaxa lorategiaren edozein txokotan jar daiteke. Baldintza bakarra zuzenean lurrarekin kontaktuan egotea da.

Lan asko ematen du?

Ez. Sukaldeko hondakin organikoak konposta-kaxan bota behar dira organikoaren kuboan utzi beharrean, besterik ez. Aldian-aldian, sendotzeko gehigarria bota eta irauli egingo dugu.

Eltxoak edo usain txarrak sortzen ditu?

Ez, behar bezala erabiliz gero eta ikastaroan erakutsiko dizugun eran erabilita. Edonola ere, beti izango duzu teknikarien laguntza.

Zer gertatzen da konposta-kaxa betetzen denean?

Oso zaila da konposta-kaxa betetzen, hondakin organikoek bolumenaren %80a galtzen dutelako konposta-prozesuan. Gainera, konposta ateratzen joango gara landare-lur edo ongarri gisa erabiltzeko.

Zenbat denbora behar da konposta egiteko?

Konposta giro-tenperaturaren arabera egiten da. Udan hiru hilabete inguru behar ditu eta neguan bost bat hilabete.