Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.
Aurten, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuan parte hartzeko aukera.
Hiru modutara eman daiteke izena:
· Hemen sartuta eta datuak beteta.
· 943 816699 telefonora deituta.
· Datuak posta elektronikoz arnasguneak@uema.eus helbidera bidalita.