Proba Trofeo Euskaldun zirkuiturako puntuagarria izanik, bertan lehian diharduten ekipoetako ordezkariak izango dira Elgetan. Guztira, 120 txirrindulari inguru espero dituzte.
Elgetako Txirrindulari Elkarteko antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herrian oso maila ona dago. Beraz, partaide gehienak bertakoak izango dira. Hala ere, lehiakideen artean ez da faltako Espainiako beste hainbat txokotatik etorritako txirrindularirik.
Ibilbide gogorra:
Elgeta, Kanpazar, Elorrio, Atxondo, Abadiño, Matiena, Berriz, Zaldibar Areitio gaña (mendiko saria), Ermua, Eibar-Kantoi (tarteko helmuga), Eibar (bariantetik), Maltzaga, Soraluze, Bergara, Angiozar, Asentzio gaiña (mendiko saria), Elgeta, Elorrio, Berriz, Matiena (tarteko helmuga), Abadiño, Atxondo, Elorrio, Elgeta, Asentzio (Langarica gaiña, mendiko saria), Kanpazar, Arrasate (tarteko helmuga), Bergara, Elgeta (helmuga).
Azken txanpa
Lasterketa goizeko 10:00etan Elgetan abiatu eta 122 kilometro egin ondoren, 13:15 inguruan amaituko da. Irabazlea Bergara eta Elgeta arteko azken aldapan erabakiko dela uste dute antolatzaileek.
Ibilbidea kontuan hartuta, amateur mailako proba gogorrenetakoa dela diote adituek. Lasterketa hau irabazitakoen artean daude: Vicente Prado, Fernando Martínez de Guereñu, Luis Vicente Otín, Carlos Galarreta, Alfredo Irusta, Agustín Sagasti, Unai Osa edo Ernesto Mancho.