VI. Magia Mostra barikuan hasiko da, informazio gehiago.
Ekintza ugari udaberrirako
Maiatzeko bigarren aste bukaera magikoa izango da Elgetan; gainera,
ekainera bitartean ez da antzerki zein musika emanaldirik faltako.
Espaloia Kafe Antzokian gertu dute maiatzeko eta ekaineko programa.
Maiatz hasieran urteko hitzordu garrantzitsuenetarikoa bihurtu den
Magia Mostra egingo dute. Barikuko irekiera emanaldia, maiatzaren 7an,
Alberto de Figueiredo magoak egingo du. 1999a ezkero Juan Tamarizen
eskolako irakaslea da eta elementu askorekin egiten du magia.
Zapatuko
gala, maiatzaren 8an, Jon Zabal magoak aurkeztuko du. Haren aginduetara
arituko dira, besteak beste, Woody Aragon, Camilo Vazquez eta Miguel
Dominguez. Gertuko kartomagia egiten dute gehienek, eta, adituen
esanetan, Europa mailan gertuko magian momentuan dauden profesional
onenak egongo dira Elgetan.
Domekan, maiatzak 9, magia kalera
irtengo da eta Arabako Ilusionismo Elkarteko kideen eskutik hainbat
trikimailu, joko eta adar jotze egingo dituzte magoek Elgetako kaleetan
eta tabernetan. Festa 12:30ean hasiko da.
Sarrerak dagoeneko salgai
daude. Emanaldi bakoitza 15 euro da, 12 bazkideendako. Emanaldi guztiak
ikusteko bonua, berriz, 35 euro da; 30 bazkideendako.
Antzerkia eta musika
Ate joka antzezlana ekarriko dute Espaloira Txalo taldeko kideek maiatzaren 21ean. Musika hitzorduak ere ez dira faltako. Gruppo Sanjuan, Or2tan, Iñaki Plaza, Jon Garmendia eta Bide Ertzean Elgetako antzokian emanaldia egitekoak dira hurrengo bi hilabeteotan.
Herrixa dantzan
Arrakasta handia izan du, eta ekainera bitartean beste bi saio egingo dituzte; maiatzaren 30ean eta ekainaren 27an. Azken horretan Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin egingo dute erromeria.