UEMAk eta UEMAko 40 udalek hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Kutxarekin eta Euskadiko Kutxarekin

2010-12-23T10:29:00+01:00 2010-12-23T10:29:00+01:00 2010-12-23T10:29:00+01:00
Hitzarmenaren bidez, bi finantza erakundeek konpromisoa hartu dute UEMAko udalerrietan eskaintzen dituzten komunikazio guztiak euskaraz egiteko. Hitzarmenean, konpromiso zehatzak daude, eta bost urteren buruan osorik betetzea aurreikusten da. Hitzarmen ekitaldia Deban egin dute, udalak eta herriko elkarteek UEMAn sartzeko eskaera egin dutela aprobetxatuz. Horrez gain, UEMAk urte bukaerako batzar nagusia egin du.

Kutxa biek hartutako konpromiso nagusiak honako hauek dira: langile finko zein aldi baterakoak euskaldunak izatea eta behar bezala prestatuta egotea komunikazioak euskaraz ondo eskaintzeko; bezeroei lehen hitza euskaraz egitea; produktuak kontratatzen direnean eskaintza euskaraz egitea; txartelak euskaraz sortzea kontrakoa esan ezean; euskara erabiltzeko sustapena era desberdinez egitea; publizitate, kartel eta esku orriak euskaraz egotea eta lehentasuna izatea; libreta eta kontuetako idazpenak euskaraz egotea; etab.

Bost urteko iraupena duen hitzarmen honen jarraipena egiteko, urtero helburu zehatzak ezarriko dira eta bilakaera nola doan ikusteko, hizkuntza neurketa zehatza egingo da udal hauetan.

Finantza erakundeen aldetik, hitzarmena Marta Medinabeitia Gipuzkoako Kutxako Mendebaldeko zuzendari komertzialak eta Juan Mari Osteriz Euskadiko Kutxako Gipuzkoa-Kostaldeko Lurraldeko zuzendariak sinatu dute; eta, beste aldetik, Jon Bollar UEMAko lehendakariak eta 40 udaletako ordezkariek. Kutxekin hitzarmena sinatu duten udalak honako hauek dira: Aduna, Aizarnazabal, Alegia, Altzaga, Altzo, Amezketa, Anoeta, Antzuola, Arama, Aramaio, Arbizu, Areso, Aulesti, Azpeitia, Baliarrain, Beizama, Belauntza, Bera, Bergara, Elduain, Elgeta, Etxarri-Aranatz, Ezkio Itxaso, Gaintza, Gaztelu, Goizueta, Ikaztegieta, Irura, Itsasondo, Larraun, Leaburu-Txarama, Leitza, Mutriku, Oiartzun, Orexa, Orio, Usurbil, Zalbidia, Zestoa, Zumaia eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. (Negritan dauden udalek Euskadiko Kutxarekin sinatu dute hitzarmena, Gipuzkoako Kutxarekin ez dutelako loturarik).

Sinatzaileen kopurua handitu egingo da hurrengo asteetan UEMAko beste udal batzuekin.