Udal gobernua osatzen duten sei zinegotzien aldeko botoekin onartu
zuten martitzenean ibilgailuen arautegia, oinezkoen kaleetan izeneko
arautegia. Kontrako botoa eman zuten oposizioko hiru kideek. Lau
aldaketa egiteko proposamena aurkeztu zuten eta ez ziren onartuak izan.
"Gure proposamenak ez dira oinezkoen kontrakoak", argitu zuen Patxi
Basauri bozemaileak. "Beste herri batzuetan egon den malgutasuna faltan
botatzen dugu arautegi horretan, hori da guztia".
Oposizioak
egindako lau proposamenak honakoak izan ziren: Lasao kalean aparkatzen
lagatzea, Berraodotik Salbador kalerako sarrera zabalik lagatzea,
baimendutako kamioien pisua 10 tonara igotzeko, eta denbora tarte
laburretan – erosketak etxera igo eta abar – ibilgailuak oinezkoendako
kaleetan sartzen lagatzea. "Azken bi puntuak eztabaidatu daitezke",
esan zuen hirigintza zinegotzi Iban Retolazak, "baina lehenengo biak
onartezinak iruditzen zaizkigu".
Oxel Erostarbe alkateak
gaineratu zuen ahalegin handia egin dela arautegiak adostasun zabala
izan dezan. "Hirigintza batzordean eta Herritarren foroan eztabaidatu
da, egindako ekarpen guztiak aztertu dira eta herritarren iritziak
kontuan hartu dira. Osokora ekarri dugun arautegia %100 Herritarren
forotik irtendakoa da." Dena den, dokumentu bizia dela ekarri zuen
gogora Retolazak. "Indarrean jartzen denetik sei hilabete frogaldia
izango du eta berrikusten joan beharko dugu errealitatera egokitu
arte".
Edurne Alberdik eta Leire Basaurik aldeko botoa eman zuten,
baina baldintza batekin; sei hilabete barru Berraondotik Salbador
kalerako sarreran pibote automatiko bat ipintzeko aukera aztertzeko
baldintzarekin.
Isunak, irailetik aurrera
Hainbat berrikuntzaren artean, isunak ipintzeko gaitasuna ematen dio arautegiak Udalari. "Prozedura hori lotu beharra daukagu", adierazi du Retolazak. "Asmoa litzateke horren kudeaketa kanpoko enpresa bati ematea". Retolazak aurreikusten du isunen prozedura irailetik aurrera martxan jartzea, nahiz eta aurretik ohar informatzaileak ipiniko zaizkien arautegi berriaren araberako arau hausteak egiten dituzten ibilgailuei.