Udalbatza osoak dei bateratua egin du herri kontsultan parte hartzeko

2014-05-29T15:52:00+02:00 2014-05-29T15:52:00+02:00 2014-05-29T15:52:00+02:00
Aralar Independenteak, EH Bildu eta EAJ dira Elgetako udaletxean ordezkaritza duten hiru talde politikoak, eta atzo agerraldi bateratua egin zuten herritarrak ekainaren 22ko herri kontsultan parte hartzera animatzeko. 18 urtetik gorako 954 herritar jasotzen ditu udaletxean ikusgai dagoen errolda ofizialak.

Heldu da elgetarrok hondakinen kudeaketaren inguruko erabakia hartzeko ordua. Ekainak 22an izango da Herri Kontsulta eta elgetarrak bertan parte hartzera animatu gura ditugu.


Iaz Elgetan 449.794 kilo hondakin sortu genituen, elgetar bakoitzak 394,9 kilo. Europatik datozen arauek zehazten dute 2016an herrietan sortzen dugun hondakinen %60a sailkatuta batu behar dela; 2013an, Elgetan, %33,55 bakarrik jaso zen sailkatuta.
Egoera hau errotik aldatzeko garaia iritsi da, epe motzean Elgetako hondakinen %70-80a sailkatuta batzea dugu helburu. Hori gauzatzeko, Udal talde guztion artean (Aralar-Independienteak, Bildu eta EAJ) adostu dugu hondakinak biltzeko sistema proposamena; hondakin organikoa, errefusa, eta ontzi arinak txipa duten edukiontzietan jasoko zirelarik eta gainontzeko frakzioak (papera, kartoia, arropak, olioa eta beira) egungo edukiontzietan, hondakinak modu nahasian botatzea ahalbidetzen duen edukiontzi berdea desagerraraziz.
Gure hiru ardatzak hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea izanik, azken hilabeteetan hainbat ekimen bultzatu dira udaletxetik. Horretaz gain, auto-konposta eta auzo-konpostaren bitartez organikoaren %35 Elgetan bertan kudeatzen dihardugu.

Hondakinen sailkatzeari dagokionean daukagun egoera aldatzeko proposamena adostu dugu udaletxean eta elgetarrok adostu dugunarekin ados zaudeten jakin gura dugu. Datorren ekainaren 22an egingo den herri kontsultan galdera honi erantzunez parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu:
“Udaletxean adostu den hondakinen bilketa sistemarekin ados zaude?”
Parte hartzea bultzatzeko asmoarekin herritarrek aukera desberdinak izango dituzte euren iritzia emateko:

 

  • EGUNEAN BERTAN 9:00etatik 20:00etara, udaletxera etorri eta botoa emanda.
  • AURREKO ASTE OSOAN. Ekainak 16tik 20ra, bulego orduetan, udaletxera etorri eta botoa emanda.
  • AURREZ BOTOA EMATEKO AUKERA ESKATUTA. Ekainak 22an eta aurreko astean ezin dutenentzako parte hartu, aukera egongo da parte hartzeko. Horretarako maiatzaren 19tik ekainak 11ra, eskaera egin beharko dute udaletxean.


Esandako moduan elgetarrak herri kontsultan parte hartzera gonbidatu gura ditugu.

Goiena Telebistan egindako albistea