Udalak Madrilgo atentatua gaitzesten du

2004-03-11T18:26:00+01:00 2004-03-11T18:26:00+01:00 2004-03-11T18:26:00+01:00
Gaur goizean Madrilen izan den atentatu basati eta ikaragarriaren aurrean, Elgetako Udalak adierazpen instituzional hau egitea erabaki du:

1) Elgetako Udalak, bere gaitzespen gogor, erabateko eta bihozkorrena adierazi nahi du sarraski honen aurrean. Ez dago leungarririk. Ez dago ñabardurarako lekurik. Atentatu guztiak dira, gaitzetsi beharrekoak, baina gaurkoa benetan da doilorra. Jendez, langilez, haurrez beteriko trenetan lehergailuak eztandaraztea gizagabetasun neurrigabekoaren erakusketa beldurgarria da.

2) Elgetako Udalak, elgetar guztien izenean, elkartasuna adierazi nahi du. Elkartasun benetakoa biktima guztiekin, hil direnen familiekin eta Madrilgo herriarekin. Herritarrak herritarrari zor dion elkartasuna da gurea, erakundeak erakundeari zor diona, herriak herriari zor diona. Zuen oinazea, gaur, gure oinazea da. Elgeta doluminez dago.

3) Elgetako Udalak dei egiten dio gizarte osoari izugarrikeria honi aurre egitera, gure indarrez, duintasunaren indarrez, demokraziaren eta gizatasunaren indarrez, askatasunaren eta giza eskubideen indarrez. Gaur, inoiz baino gehiago, tinko eta argi agertu behar dugu biziaren alde, elkarbizitzaren alde, bakearen alde. Gutako bakoitzaren betebeharra da.

4) Elgetako Udalak dei egiten die herritar guztiei lasaitasunez mobilizatzera, gaur arratsaldeko 8etan, Lehendakariak egindako deiarekin bat eginik. Elgetako bandera masta erdian dago, gaur bertan.

Elgetan 2004ko martxoaren 11a.