Sustraien Ahotsa abesbatza Espaloian

2004-11-11T15:45:00+01:00 2004-11-11T15:45:00+01:00 2004-11-11T15:45:00+01:00
Zapatuan, hilak 13, Sustraien Ahotsa abesbatza izango da Elgetan, Udalak eta Kutxak antolatuta. 22:30ean izango da kontzertua, Espaloia Kafe Antzokian. "Amodioa" izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute eta ordubete inguruko iraupena izango du kontzertuak.

Miguel Zeberio da Sustraien Ahotsa abesbatzaren zuzendaria. 2001ean sortu zuten abesbatza Euskal Herriko abesbatzatan urteetan zehar eskarmentua izan duten 20 abeslarik eta zuzendarik. Zenbait proiektutan bat egin ondoren eta kezka artistiko bertsuak zituztela ikusirik ekin zioten beren bideari.

Komunikazio bide berriak entzuleentzat

Abesbatzetako musika landu eta eskaini nahi dute, baina beste diziplina artistiko batzuk alboratu gabe, eta entzuleentzat komunikazio bide berriak bilatu eta sortu nahi dituzte. Proposamen berri horiekin, jakina, lanaz gozatu eta ikusleari helarazi nahi diete gozamen hori.

Polizoiak: lehen lana

Polizoiak Harkaitz Cano idazleak idatzitako gidoiarekin eta Iñaki Epelde artista plastikoaren eszenografiarekin taularatu zuten lehen lana. Tolosako 34. Abesbatzen Lehiaketaren barruan eskaini zuten, besteak beste.

Kontzertu eta sari ugari

Izenak adierazten duen bezala, Sustraien Ahotsa taldeak 2002an bira bat egin zuen Txileko lurretatik duela urte asko, ozeanoa zeharkatzeko pertsona askok erauzi behar izan zituzten sustraien bila.

Urte hauetan, kontzertu ugari egin dituzte, horietako asko Kutxaren lankidetzari esker antolatuak, eta gure herriko txoko askotako entzuleen harrera ona izan dute. Aipagarriak dira Madrilen eta Valentzian eskaini dituzten kontzertuak, baita Ejea de los Caballeros, Xixona eta San Vicente de la Barquerako lehiaketetan lortutako sariak ere.