Protagonisten kontakizuna:
Oraingo garai hauetan espedizio gehienak tontorretara abiatzen dira, baina guk planetako sakanik handienak bisitatzea erabaki genuen, gure iritziz oraindik ere egin baitaiteke esplorazio-bidaia. Horregatik, saiatu gara sakanak eta berauen inguruak ahalik eta ondoen eta osoen ezagutzen. Kontinente guztietako historiara, geografiara, biologiara hurbildu gara, eta kulturetara, bizimoduetara, artera eta biztanleen ohituretara.
Ipar Amerika (Heriotzaren Harana, -86 metro, Estatu Batuak)
Heriotzaren Harana, Ipar Amerikako eskualderik sakonena, beroena eta lehorrena da, basamortuen erakusleiho: gatzezko lautadak, lur bolkanikoak, hondarrezko dunak... Haran honetan, Shoshone indioek Tomesha -sutan dagoen lurra- deitzen dioten honetan, 41 gradu itzalean eta 55 eguzkitan jasan genituen. Mendebaldean egin genituen 6.000 kilometroetan barrena, urre-biltzaileen arrastoari jarraitu genion, kolonoenari, euskal emigranteenari...
Australia (Eyre Lakua, -15 metro, Australia)
Eyre lakua gehienetan lehortua egoten da eta Nafarroak duen adinako hedadurako zarakarrak osatzen du Australiako basamortuaren erdian. Hilabete euritsu batzuen ondoren, gu iritsi ginenean, lakuak ura bazuen %30ean, eta basamortuko especie askoren babesleku zen: varanoak, kanguroak, emueak, untxiak, kakatuak, beleak eta baita arrainak ere, ur gazi hauetan luze baino lehen itotzen diren espezieak. Furgoneta zahar batean 12.000 kilometro egin genituen Australian zehar, itsasalde berdea, basamortu gorria eta tontor elurturen bat ere ezagutuz, aborigeneen historiak ikasiz, barnealdeko herri isolatuetan, emigranteen, artzainen, meatzari bizitzaren berri hartuz, hegazkin txikitan mugitzen diren medikuak, eskolak irrati bidez hartzen dituzten haurrak, ezagutuz....
Hego Amerika (Ikatzaren Lakua, -105 metro, Argentina)
Hego Amerikan bete genuen bidaiari baten amets handienetakoa: mapetan agertzen ez den leku bat zapaltzea. Maparik ospetsuenen arabera, kontinenteko punturik baxuena Salinas Grandes da (-40 metro) Valdés Penintsulan. Sakan hori bisitatu genuen, baina bagenuen susmoa Patagonia hegoaldean sakonago bat ote zegoen: El Gran Bajo de San Julián izenekoa.
Leku hau kartografiatua eta neurtua dago, baina mapek eta atlasek ez dute esaten Amerika osoko sakanik baxuena denik, nahiz eta hala izan inolako zalantzarik gabe: -105 metro. Bitxia bada ere, Gran Bajo hura Margarita Egiluze andrearena da: argentinarra bera, baina aita donostiarra eta ama arabarra dituena: berak lagundu zigun sakana ezagutzen.
Horretaz gainera, Hego Amerikako bidaiak Iguazuko ur-jauzietatik (Argentina eta Brasil artean) Suaren Lurraldera egin eta hemendik Ushuaia-ra (munduko hiririk hegoaldekoenera), Panpak eta Patagoniako lautadak eta Andeetako glaziarrak eta Akonkagua alderako bidea hartuz.