Ostegunean osoko bilkura berezia

2003-07-15T16:59:00+02:00 2003-07-15T16:59:00+02:00 2003-07-15T16:59:00+02:00
Maiatzaren 25eko hauteskundeetako emaitzak aztertu eta udalbatza eratuta, herritarrek aukeratutako zinegotziak negoziaketetan aritu dira batzordeen banaketa egiteko. Jadanik erabaki dute zein zinegotzi izango den batzorde bakoitzeko burua.

Batzorde informatiboak

Lau batzorde geratuko dira legealdi honetan EAJ-EA koalizioaren gidaritzapean eta honako hauek izango dira batzorde bakoitzeko buruak:

  • Joseba Mujika (Hirigintza eta Ingurumena).
  • Iñaki Ugarteburu (Kirolak).
  • Izaskun Larrea (Osasuna eta Gizarte Zerbitzuak).
  • Patxi Basauri (Baserritarren batzordea).

Aralarrek, berriz, hiru batzorderen ardura izango du:

  • Oxel Erostarbe (Hazienda, Pertsonala eta Zerbitzuak).
  • Iban Retolaza (Kultura, Euskara eta Gaztedia).
  • Rebeka Ubera (Hezkuntza eta Turismoa).

Batzordeen banaketa egiteko zenbait bilera egin dituzte EAJ-EA koaliziokoek eta Aralarrekoek. Ostegun gauean, 21:15ean, udaletxean egingo den osoko bilkura berezian berretsi egingo dute hitzartutakoa.

Udaletxetik kanpoko hainbat erakundetan ere ordezkaritza izango dute hainbat zinegotzik. Patxi Basauri Suradesan, Mankomunitatean, Ur Partzuergoan, Debagoieneko Mendi Elkartean, Elgeta 21 erakundean eta Jakionen izango da Udalaren ordezkari.

Izaskun Larrea Bergarako Mizpirualde egoitzan eta Herri Eskolan Rebeka Ubera izango dira. Iñaki Ugarteburuk, berriz, Iturbe Fundazioaren eta Elkarkidetzaren ardura hartuko du.

Gobernu batzordea

Patxi Basauri alkateak, EAJ-EA koalizioko Joseba Mujikak eta Aralarreko Oxel Erostarbek osatuko dute Gobernu Batzordea. Aldi berean, Mujika eta Erostarbe izango dira hurrenez hurren alkate ordeak.

Udalbatza hilabetean behin izango da behar izanez gero. Gobernu Batzordeko kideak ere hilabetean behin elkartuko dira, eta beraiekin batera beste hainbat lagunek hartu ahal izango dute parte, teknikariek esaterako, alkateak deia eginez gero.

Batzordeen bilerak irekiak izango dira eta maiztasunez joaten direnek boto aukera izango dute.

Udal batzar bereziko egitaraua:

  1. 2003ko ekainaren 14an egindako bileraren akta onartzea hala badagokio.
  2. Gobernu batzordearen osaketa.
  3. Batzorde informatiboen osaketa.
  4. Plenoaren, Gobernu Batzordearen eta Batzorde Informatiboen antolamendurako arautegia.
  5. Hainbat erakundeetarako udal ordezkariak izendatzea.
  6. Alkatearen erabakiak.
  7. Gobernu Batzordeak hartuko dituen Udal Plenoko konpetentziak.