Otsailaren 6an luizia izan zen Zaldibarko Eitzaga auzoko Verter Recycling zabortegian, eta bi behargin harrapatu zituen. Gerora sua hartu zuen zabortegiak.
Zabortegi hori Elgetako herrigunetik 4 kilometrora dago, Zaldibarren distantzia berera. Hala ere, hainbat gune, zabortegitik oso gertu daude. Astean zehar kea eta usaina nabarmenak izan dira, bereziki ipar ipar-mendebaldeko haizeak jotakan.
Ez dugu Jaurlaritzaren inolako erantzunik jaso, ezta abisu edo informaziorik ere. Otsailaren 13an, osteguna, sare sozialen bitartez jakin genuen airearen kalitatea ona zela, eta halaxe zabaldu genuen ostiral goizean.
Ostiral arratsaldean, ordea, dioxina eta furano maila altuak zirela eta, Osasun Sailak hainbat gomendio eman zizkien Zaldibar, Ermua eta Eibarko biztanleei.
Ulertzen dugu, gomendio horiek Elgetako biztanleok ere jarraitu beharrekoak direla. Soseguz baina erne jokatzeko eskatzen dizuegu, bereziki haizeak ipar ipar-mendebaldetik jotakoan: iragarpenen arabera, astelehen goizean.
Beraz, gomendatzen dizuegu ez egitea kirolik aire librean, eta etxeko leihoak itxita edukitzea.