Maialde Hotelak irabazi du Elgetako VI. pintxo lehiaketa

2013-11-13T09:35:00+01:00 2013-11-13T09:35:00+01:00 2013-11-13T09:35:00+01:00
Maialde Hoteleko Jesus Mari Kalboetxeagak irabazi du Elgetako VI. pintxo lehiaketa. Maila handiko pintxoak aurkeztu dituzte taberna guztiek. Domeka honetan, azaroak 17, eta hurrengoan, azaroak 24, herritarrek aukera izango dute euren pintxo gustukoena aukeratzeko.

Horretarako boto paperak eta botoak jasotzeko ontzia izango dute taberna guztietan. Parte hartzen dutenen artean bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozketatuko da.
Tabernarien ekimenez, taberna bakoitzeko pintxoak dituen osagaiak asmatzen dutenen artean, bi ardo botila zozketatuko dira.

 

Herriko bost tabernek hartu zuten parte domekan Elgetako VI. Pintxo lehiaketan. Bina pintxo aurkeztu zituzten Haizea tabernak, Iñaki tabernak, Bolatoki tabernak, Maialde landetxeak eta Espaloia kafe antzokiak. 

Iragarri moduan denak dastatu zituzten epaimahai ofizialeko kideek —Iñaki Gorostiza, Asier Morales eta Mikel Irazabal—.

14:00ak aldera izan zen Elgetan irabazlearen berri: hirugarren urtean jarraian Maialde landetxeko Jesus Mari Kalboetxeagak jaso du txapela.

Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin batera bertaratu ziren Maialdera Patxi Basauri eta Maria Jesus Lete zinegotziak. Lanpetuta aurkitu zuten Kalboetxeaga eta denbora apur bat behar izan zuen sukaldetik txapela jasotzera irteteko.

Gustura jaso zuen txapela Kalboetxeagak. Hirugarrena du lehiaketa honetan eta alabari ipini zion domekakoan.

Pintxo-domekak eta herritarren saria

Hurrengo bi domeketan pintxo eskaintza berezia egiten jarraituko dute Elgetako tabernariek. Hurrengo saioetan bietan onena eskainiko dute euro baten truke. 

Bezeroek ere izango dute zer esan. Erabakitzeko dago Herritarren saria, eta botoak emateko aukera egongo da hurrengo bi domeketan. Boto-emaile guztien artean bi lagunendako otordua zozketatuko dute Elgetan. Pintxoen osagaiak zeintzuk diren asmatzea ere ez da erronka makala. Asmatzen dutenen artean bina botila ardo zozketatuko dituzte taberna bakoitzean.

Musika, datorren domekan, Euskal Herri osotik etorritako 30 laguneko txistulari taldeak ipiniko du. Ea eguraldiak gaurkoan baino apur bat gehiago laguntzen duen.

 

 

AZAROAK 17ko egitaraua:


11:00etan: "Mugarik gabeko txuntxuneroak" txistulariekin kalejira. (Tutera, Iruña, Tafalla, Agoitz, Bera, Urretxu, Oñati, Pasai Donibane, Elorrio eta Sestaoko txistulariak)
12:00etan: Tabernetan pintxoak dastatzeko aukera.
12:30ean: "Mugarik gabeko txuntxuneroak" kalez kale eta tabernaz taberna.