Maiatzera arte itxaron beharko da Elgetako Espaloiako jaialdi
bereizgarriena den Magia Mostra hel dadin. Azken orduko aldaketarik
ezean, maiatzeko bigarren aste bukaeran egingo da VI. Magia Mostra.
Oraindik denbora dezente falta bada ere, ekimen horren barruan sartzen
den magia ikastaro bihar hasiko da. Espaloiak hainbat mago eta
ilusionista ditu lagun eta horri esker, horietako bat prest agertu da
haren ezagutzak partekatzeko.
Jose Angel Suarez ilusionistaz ari
gara, magiaren munduan 25 urte daroatzan adituari buruz, hain zuzen.
Gainera, 11 urtez izan da magia irakasle. Esandako moduan, zapatuan
hasiko da ikastaroa eta, bi hilabetez, zapatu goizero ordu eta erdiko
saioak emango ditu Suarezek (11:30-13:00). Irakasleak aditzera eman
duenez, magia zaletasuna bultzatzea eta hastapeneko oinarrizko
trikimailuak irakastea da ekimenaren helburua. Suarezek honakoa uste
du-eta: "Magia ez da egun baterako zaletasuna, bizi osorakoa baizik".
15 lagun asko jota
Oraingoz hamar lagunek eman
dute izena. Suarezek 15 ikasle gura ditu asko jota, dioenez, klaseak
"martxa onean" joan daitezen. Gogotsu dago elgetarrekin bere ezagutzak
partekatzeko.
Azkenik, Suarezek ezin izan du Magia Mostraren gainean ezer aurreratu. Itxaron egin behar.