Kutxaren itxiera gaitzesteko adierazpena onartu zuten aho batez atzoko udal batzarrean

2020-05-27T11:42:01+02:00 2020-05-27T11:42:01+02:00 2020-05-27T11:42:01+02:00

KUTXABANKEN ITXIERARI BURUZKO ELGETAKO UDALAREN ADIERAZPENA

Azken urteotan, Kutxabanken sorreratik bereziki, hainbat murrizketa jasan ditu bulegoko zerbitzuak. Hilabete honetan Kutxabankek adierazi digu elgetarroi bertako bulegoa behin betiko itxiko dutela.

Elgetan dagoen banku bakarra izanik, herria banku edo aurrezki bulegorik gabe geratzea suposatzen du honek. Azken urteotan banku operazioak modu telematikoan egitea zabaltzen ari bada ere, batzuetan behar beharrezkoa izaten da bulegora bertaratzea.

Bulegoa itxiz gero, zerbitzu hau jasotzera beste herri batzuetara mugitu beharko dugu elgetarrok. Honek herri bezala kaltea eragiten digu, baina bereziki erasango ditu nagusiak eta erretiratuak; adineko askoren autonomiarentzako kolpe latza izango da.

Herriko ostalari, merkatari eta bestelako hainbat enpresarentzako ere kaltea esanguratsua izango da, telematikoki egin ezin daitezkeen operazioak egiteko beste herriren batera joan beharko baitute.

Elgetako bulegoa erabiltzen zuten Ubera eta Angiozarko biztanleak ere kontuan izan behar ditugu, hurbilen duten bulegoa baita berau.

Arazo honen aurrean, Elgetako udalbatzak erabaki hauek hartu ditu:

- Kutxabanki elgetarron gaitzespena adieraztea.

- Kutxabanki eskatzea atzera egin dezan, eta Elgetako bulegoan zerbitzua mantendu dezan.

- Udalak Kutxabanken bulegoa itxi ez dadin ahaleginak egiten jarraitzea.

- Xalbadorpe elkartearen sinadura jasotzearekin bat egitea.

Elgetan, 2020ko maiatzaren 26an