Herri ikastetxean ematen zituen orain arte piano eta gitarra eskolak Lorea Larrañagak. Eskolaz kanpoko saioak ziren, eta ikasturte honetatik aurrera Kultura etxean emango ditu. "Oso pozik nago leku aldaketarekin", esan du Larrañagak. "Arazoak sortzen ziren eskolako atea dela eta ez dela, eta orain, gainera, eguerdian ere eskolak emateko aukera dut". Kultura etxeko lehenengo solairuan, iaz ludotekak hartzen zuen gelan emango ditu aurten eskolak Larrañagak. Udalaren eta guraso talde baten laguntzarekin egin du leku aldaketa. "Deialdia egin eta bost bat boluntario elkartu ginen auzolanean gela garbitu, txukundu, margotu eta musika eskolak emateko egokitzeko", adierazi du kultura zinegotzi Rebeka Uberak. Iñigo Azkarraga, Mari Karmen Egiguren, Jose Mari Zubiaurre, Mireia Berriozabal, Lorea Larrañaga eta Rebeka Ubera aritu dira gela auzolanean txukuntzen. "Nire uste nabarmentzekoa da herritar horiek auzolanean egindako lana", esan du Uberak. Badira sei urte Larrañagak Elgetan musika eskolak ematen dituela. "Aurretik ere ibilitakoa nintzen herrian eskolak ematen, baina klase partikularrak ematen sei bat urte izango dira". Aurten 23 ikasle izango ditu.
Jainagaren trikiti eskolak
Trikitixa edo panderoa ikasi nahi dutenek, berriz, aukeran dituzte Adolfo Jainagaren eskolak. Jainaga ez da berria Elgetan, ikasturte honetan 19 urte beteko ditu herrian eskolak ematen. Herri ikastetxean jarraituko du berak. "Aurreko astean hasi ginen. Momentuz doze erdi ikaslerekin hasi dut ikasturtea Elgetan, baina badaude gehiago. Kanpoan ikasten hasi direnak. Ordutegiak adostu behar ditugu".