Ibilbide tematikoa egingo dute Intxortaren magalean. BIDEOA

2009-04-16T16:23:00+02:00 2009-04-16T16:23:00+02:00 2009-04-16T16:23:00+02:00
Espainiako Gerraren testuinguru historikoa ezagutarazteko eta, zehazki, Elgetan izan ziren gertaeren berri emateko, Intxorta 1937 Kultur elkartea eta Elgetako Udala ibilbide bat gertatzen ari dira herrian. 'Gerra Zibila Euskal Herrian: Ibilbide tematikoa Intxortaren magalean' darama izenburutzat proiektuak eta ia 400 mila euroko aurrekontua du.

Duela bi urte, gudarien omenez, Intxortako Atea eskultura inauguratu zutenean sortu zen ideia. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak elkarlanean jardun dute orduz geroztik, eta badirudi egindako lanaren fruitua gertu dagoela: 'Gerra Zibila Euskal Herrian: Ibilbide tematikoa Intxortaren magalean' da proiektuaren izenburua, eta Espainiako Gerran euskal frentearen defentsarako gune garrantzitsuenetako bat izan zena, Intxorta ingurua, berreskuratu eta ezagutzera ematea du helburu. Proiektu honen bitartez, Intxortako lubaki eta gordeleku garrantzitsuenak berreskuratuko dira. Ibilbide osoan zehar panelak jarriko dituzte eta informazioa eta argazkiak jasoko dira horietan, tokian tokiko berezitasunen berri emateko. 4-5 kilometro inguruko ibilbidea izango da, ordubeteren bueltan egiteko modukoa, eta zati bat elbarrituentzako egokituta egongo da.

Aparkalekua eta harrera-gunea

Ibilbideak aparkalekua izango du Intxortako Atea eskulturaren ondoan; eta bisitarien harrera-gune finkoa, Espaloia Kafe Antzokian. Gune horretan, maketak, panelak eta proiekzioak izango dira, besteak beste.

Aurrekontua: 383.122 euro

Proiektu osoaren aurrekontua ia 400 mila eurokoa da eta Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin dabil harremanetan, euren laguntza jasotzeko. Elgetako Turismo zinegotziaren iritziz, egitasmo garrantzitsua da herriarentzat nahiz gure historia ezagutu nahi duten bisitarientzat. Oxel Erostarbe alkatearentzat, pasatakotik ikasteko eta berriz gerta ez dadin bide bat jorratzeko balioko du.

1937ko apirilaren 24an, Elgeta frankisten eskuetan erori zen

Datorren asteko barikuan, apirilak 24, Elgeta frankisten esku erori zeneko urteurrena beteko da eta, testuinguru horretan, hainbat ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako:

  • domekarako, hilak 19, ibilaldia (10:00etan)
  • eguaztenerako, hilak 22, proiektuaren aurkezpena (19:30ean, Espaloian) eta La lengua de las mariposas filmaren emanaldia (21:30ean)
  • egubakoitzerako, hilak 24, lore eskaintza (19:00etan)