Pintxo lehiaketa
Txapela eta garaikurra eskuratuko ditu domekan pintxorik goxoena egiten duen tabernariak. Herriko zazpi establezimenduk hartuko dute parte: Haizea tabernak, Ostatu jatetxeak, Espaloiak, Iñaki jatetxeak, Bolatokiak, Hotelak eta Eguzkitzak.
Epaimahai lanak egiten lau herritar ipiniko dituzte; Intxorta, Ozkarbi, Mendi Mendian eta Gure Borda elkarteetatik ordezkari bana. Epaimahai kideek 13:30ean emango dute euren erabakiaren berri. Domekan, gainera, pintxoak euro bateko prezioan egongo dira taberna guztietan.
Babajana
Babajana egiteko aukera ere egongo da. Hogei eurotan babak, saiheskia, edariak, postrea eta kafea emango dituzte jatetxe denetan hotelean kenduta. Hotelean beste menua eskaini dute. Erreserba egiteko, idatzi alkatetza@elgeta.net helbidera.
Perretxikoak batzeko irteera eta erakusketa
Domekan perretxikoak batzeko irteera ere egingo dute 09:00etan abiatuta. Bildutako aleekin eta astean zehar Pello Gorrotxategik, Jose Antonio Irazabalek, Alex Arantzabalek, Alejandro Cristobalek, Carlos Fernandezek eta Benedikta Arotzenak batutakoekin erakusketa jarriko dute herriko plazan. 11:30ean hasita jangarriak diren perretxikoak, pozoitsuak eta hilkorrak direnekin batera aurkituko ditugu. Hori bai, denak ondo bereiztuak eta sailkatuak.
Bertsoak ere ez dira faltako. Tabernaz taberna Hamaika bertute taldeko bertsolariak arituko dira.