Hondakinen kudeaketa: ezarpena, jarraipena, kontsulta

2014-03-27T09:24:00+01:00 2014-03-27T09:24:00+01:00 2014-03-27T09:24:00+01:00
Ekainak 22an hondakinen bilketaren inguruko herri kontsulta egitea adostu du udalbatzarrak aho batez. Datorren astean hasiko gara herritarrekin batzarrak egiten. Hemen duzue adostutako testua:

1.- Sistemaren ezarpena.

Sistema nola ezarriko den zehaztu dute Mankomunitateko teknikariek, udaletxetik egin dizkiegun galderak ere erantzun dituzte. Herritarrei galdetu eta udalbatzarrak ontzat eman ostean gehienez jota bi hilabete beharko dira ezarpena gauzatzeko.

Adostuta dagoen moduan, %70-80ko sailkatutako bilketara heltzea da helburua, horretarako hondakinak sailkatzeko ekarpen guneak egokituko dira herriko gune desberdinetan eta jarraipena txip-dun edukiontzien eta ohiko edukiontzien bitartez egingo da.

2.- Jarraipena.

Orain arte moduan, hondakinen gaiaren jarraipena Hazienda batzordean egingo da. Herritarrei bertaratzea errazteko batzordeak iluntzetan egingo dira. Bertan adostuko dira ezarpenari egin beharreko hobekuntzak ondoren udalbatzarrean erabakiak hartzeko. Mankomunitateari proposatuko zaio hiru hilabetero bilketa datuak ematea eta helburuetara heltzen ez bagara heltzeko proposamen teknikoa egitea. Sistema martxan ipini eta bederatzi hilabetera helburuen betetze mailaren balorazio orokorra egingo da hazienda batzordean eta udalbatzarrean. Ondorengo erabakietako bat hartuko da:

  • Helburuetara heldu bagara, sistemak bere horretan jarraituko du, beti ere, hobetzeko ahaleginetan jarraituz.
  • Helburuetara ez bagara heldu, aurreko hiru hilabeteetan sailkatze portzentaiak izan duen tendentzia begiratuko da eta horren arabera, honako aukerak izango dira:
    • Helburuetara iristeko portzentaiaren tendentzia goranzkoa bada, sistemaren baliogarritasuna frogatzeko hasierako epe hau luzatu egingo da beste hiru hilabetez, beti ere aurreko hiruhilekoaren hazkundea hurrengo hiru hilabeteetan aplikatuz gero helburuetara iristen bada.
    • Tendentziak hurrengo hiruhilekoan helburuetara justu samar iritsiko garela adierazten badu, neurri zuzentzaile gehiago hartuko dira.
    • Tendentzia goranzkoa izanda ere, ez badu hurrengo hiru hilabetean helburuetara iristeko baldintza betetzen sistema ez baliogarritzat joko da, helburuetara iristen dela frogatu duen sistema ezarriz.

3.- Kontsulta.

Hondakinen inguruko kontsulta egiteko, bakarrik kasu honetarako, hurrengo baldintzak onartuko dira udalbatzarrean:

  1. Udalbatzarra ospatzen denean Elgetan erroldatuta dauden 18 urtetik gorakoek izango dute kontsultan parte hartzeko aukera.
  2. Aukera egongo da kontsulta egunararen aurreko astean botoa emateko udaletxean bertan: astelehenetik barikura 9:00etatik 13:00etara eta astelehenetik eguenera 15:00etatik 17:00etara.
  3. Bertaratu ezin direnek kontsulta eguna baino aste bete lehenago eskaera egin beharko dute botoa eman gura dutela eskatuz. Udal teknikari bat euren etxera joango da botoa jasotzera kontsulta ospatuko den egunaren aurretik.
  4. Galdera izango da: "Udaletxean adostu den hondakinen bilketa sistemarekin ados zaude?".
  5. Udaletxeko talde guztiok onartzen dugu kontsultaren emaitza errespetatuko dugula udalbatzarrean, hauteskunde erroldan dauden herritarren herenak, gutxienez, parte hartzen badu.

Egutegiak