Gudariei agur eta ohore Intxortan

2015-04-17T13:13:00+02:00 2015-04-17T13:13:00+02:00 2015-04-17T13:13:00+02:00
Elgetako lubakietan borrokatu zirenei omenaldia egingo diete etzi, domekan. Errepresioa eta hilketa jasan zituzten zibilek, alderdi politikoek eta sindikatuek ere izango dute aitortza. Goizeko 10:00etan hasiko dira domekako ekitaldiak, azoka batekin.

[* GOIENA PAPERAn apirilaren 17an argiutaratutako erreportajea]

Anttoni Telleria Lamarain (Elgetako Zestogain baserria): "14 urte zituen. Goizaldeko hirurak inguruan joan ziren baserrira bera bortxatzeko asmoarekin. Aitak aurre egin zien, eta aitari buruan bala bat sartu zioten. Alabak aita odolduta ikustean, eskua jarri zion buruan, eta bigarren tiroa bota zioten aitari burura, Anttoniri eskua txikituz. Amari, berriz, burua apurtu egin zioten kulatarekin behin eta berriz kolpatuz; ez zuen berriro konortea berreskuratu, eta handik hamar egunera hil egin zen ospitalean. Eta Anttoni, 14 urteko neskatila elgetarra, kontatutako guztia ikusi ondoren, bortxatu egin zuten. Hori Anttonik berak kontatu zigun 2003an, eta grabatuta dugu. Bizi guztirako markatuta geratu zen. Orain dela hiru urte hil zen". (Juan Ramon Garai, Intxorta 1937 Kultura Taldea)

1937ko apirilean egin zioten Telleria Lamarain familiari basakeria hori faxistek, Intxortako lubakietan aurre egin zieten milizianoak garaitu eta Elgetara sartu ondorengo egunetan. 

Baina Historia ofizialak ez du halakorik jaso. Ezta bestelako basakerien gaineko kronikarik edo aipamenik ere.  

Eta egiari zorra zaiolako, eta horrek ekar lezakeelako Espainiako gerraren eta ondorengo diktadura frankisten biktimeei dagokien baina gauzatzeke dagoen justizia eta aitortza, antolatu dituzte bihar eta etzi Elgetako ekitaldiak, Intxortako Erresistenteen Eguna izenarekin. 

Antolatzaileak dira Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma osatzen duten elkarte memorialistak, fundazioak, erakunde sindikalak eta bestelako erakundeak. Eta bultzatzaile horien artean daude Debagoieneko Intxorta 1937 Kultura Taldea, Elgetako Udala, Goldatu Elkartea eta Sare Antifaxista. Bestalde, Debagoieneko udalek diruz lagundu dute ekimena. 

Gudariak, alderdiak eta zibilak

Bada, Erresistenteen Egunean, besteak beste, omenaldia egingo diete Intxortako lubakietan orain dela 78 urte borrokatu ziren milizianoei. Eta bizirik dauden 21 milizianoetatik eta gudarietatik hamabostek baieztatu dute domekan Elgetan izango direla. 

Gudari horiek guztiak 90 urtetik gorakoak dira eta Euskal Herri osotik etorriko dira. Eta horien artean badira bi debagoiendar ere: Inazio Ernabide osintxuarra eta Regino Biain oñatiarra. 

Beste miliziano batzuek, berriz, etorri ezin izana adierazi dute, baina euren senideek ordezkatuko dituzte Elgetako ekitaldian. 

Eta gudariokin batera, aitortza jasoko dute, baita ere, errepresioa jasan zuten lau zibilen senideek –Anttoni Telleriarenak tartean– eta baita alderdi politiko zein sindikatu historikoen ordezkariek ere: ELA-STV, CNT, EAJ-PNV, EAE-ANV, POUM, PCE-EPK eta Izquierda Republicana. PSOE eta UGT ere gonbidatu gura izan dituzte antolatzaileek, baina ez dute erantzunik izan. Eta horren ordez, oroitarria jasoko dute alderdi politiko zein sindikatu horietako kide izan eta fusilatu zituzten bi lagunen senideek –Jesus Uranga Arrasateko zinegotzi sozialista eta Segundo Olazagoitia Dragones Batailoiko komandantea–. Beraz, guztira, 30 bat lagunek.  

Guztiek jasoko dute Iñigo Arregi artista arrasatearrak ekitaldirako sortutako artelana: Egiaren iturria. "Une hunkigarriak izango direlakoan gaude", adierazi du Intxorta 1937 Kultur Taldeko ordezkari Julia Mongek. "Erresistenteak adineko pertsonak dira eta zaindu egin behar ditugu". 

Garaipen ez horren gozoa 

Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 Kultur Taldeko ordezkariak, gogora ekarri du 1937. urteko apiril hartan Elgetako Intxortan gertatutakoa eta omenduko dituzten milizianoek egindakoa, salaketa egiteaz batera: "Historiografia frankistak beti ezkutatu dizkigu borrokaldietan izandako porrotak, nahiz eta askoz ere baliabide gehiago izan: armak, hegazkinak, borroka hegazkinak, obusak, kanoiak eta, jakina, nazioarteko faxismo osoaren laguntza. Ziur zeuden Intxortak konkistatuko zituztela 1937ko apirilaren 20an; Franco bera etorri zen Bergarara 19an, garaipenaren lekuko izateko. Apirilaren 20 hartan, goizeko lehen orduan, Junkers bonba-hegazkin alemanak eta Savoias bonba-hegazkin italiarrak euskal erresistentziaren lubakiak hausten eta txikitzen hasi ziren; gero, kanoi bateriak, eta garaitu zituztela uste zutenean, infanteria bidali zuten eraso egitera, baina behin eta berriro oposizio latz batekin egin zuten topo. Erasoan baja ugari izan zuten; hainbeste, bi egun behar izan zuten indarberritzeko. Ordurako, Franco joanda zegoen Burgosera. Apirilaren 23an, berriro, lehengoa errepikatu zen, eta antzeko emaitzarekin. Ondorio lazgarriak izan zuen porrot haren umiliazioak.Hurrengo egunean, arratsaldean, Intxortako erresistentzia egileek ez zekiten frontea hautsita zegoela Udalatxetik; Elorrio matxinoen esku dago eta behartuta egongo dira atzera egitera Ermurantz eta Eibarrerantz. Bidea libre dute, eta mendekua errukigabea izango da, gogorra. Camilo Alonso Vegak eta Emilio Mola Vidalek 'dena libre' utziko diete euren soldaduei 48 orduan, nahi dituztenak egiteko, eta hori da gudariak, milizianoak, pertsona zibilak hiltzea, emakumeak bortxatzea, iraintzea, eta abar, Euskal Herrian eta estatu espainiarrean oso ohikoak izan ziren ankerkeriak".

Hain justu, "dena libre" hori baliatuta errepresioa eta hilketa jasan zituzten lau lagun dira Elgetan omenduko dituzten zibilak.  

Sarraskietako batzuk 

Zibilok omentzen, lau herrialdeak batu gura dituzte ekimenaren antolatzaileek: Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroa. Izan ere, "sartzen ziren leku guztietan 'dena libre' izaten zuten faxistek", Garaik azpimarratu duen moduan.

Elgetan, honako lau hauek izango dituzte gogoan: Anttoni Telleria –kontakizuna sarreran–, Maravillas Lamberto, Jose Sagarna eta Miguel Gil.

"Maravillas Lamberto (Larraga, Nafarroa): neska gazte bat zen. Atxilotu zuten bere aita, eta bera aita zergatik atxilotu zuten galdetzera joan zenean atxilotu zuten, bortxatu eta aitarekin batera hil.Jose Sagarna (Zeanuri): abade egin zen eta Markinako auzo batera bidali zuten. Frankistak sartu zirenean atxilotu, soka batekin lotu eta fusilatu egin zuten. 24 urte zituen. Familiak oraindik gordeta dauka soka. Miguel Gil (Zalduondo, Araba): beste bi maisurekin batera fusilatu eta Ochoportilloko kobazulora bota zituzten hiruren gorpuak. Maisu izatearren fusilatu zituzten, beste barik", esan du Intxorta 1937 Kultura Elkarteko kideak.

Errekreazioa eta omenaldia  

Bestalde, domekako omenaldiaren aurretik, 1936-37ko gertakarien errekreazioa ere egingo dute aurten. 150 boluntarioak hartuko dute parte —iaz baino 25 bat gehiago—. Jantzi berriak dituzte, gudarien lubakietan kanoi berri bat egongo da eta hobekuntzak egingo dituzte piroteknia efektuetan zein megafonian. Errekreazioa eserita ikusteko aukera ere izango dute 300-400 bat lagunek. Errekreazioan parte hartuko duten boluntarioek oinez egingo dute herrirainoko ibilbidea, manifestazioan. Memoria historikoa, justizia eta erreparazioa eskatuko dituzte. Jarraian etorriko da erresistenteen omenaldia. 13:00etan izango da, herriko plazan. Eta, adibidez, Mauro Saravia txiletar argazkilari profesionala ere izango da han; senide euskaldunak ditu, eta hemen gertatutakoa Txileko Villa del Mar jaioterrian kontatu gura du argazki erakusketa eran, 2016an. Miliziano guztien argazkiak ateratzen dihardu, adibidez. 

 

Josu Ibargutxi | Goldatu elkarteko ordezkaria

"Bizirik diren frankismoko elementu gehJosu Ibargutxi 2ienak boterean daude"

Josu Ibargutxi eibartarra Goldatu elkarteko bozeramailea da. Frankismoaren diktadura garaian izandako euskal presoek eta errepresaliatuek inpunitatearen aurka diharduten borrokan buru-belarri sartuak dira. Goldatu elkartea ere bada asteburuan Elgetan izango den Erresistenteen Egunaren deitzaile. 

Gerrako gertakariei dagokienez, justizia beharra aldarrikatzen duzue. Zela gauzatuko litzateke justizia?

Modu zuzenena izango litzateke erantzukizunak dituztenak barruratzea eta, gutxienez, garantiazko epaile baten aurrean euren burua aurkeztea; ez dute euren burua aurkeztuko, jakina, baina epailearen aurrean agertu egin beharko lukete, behintzat. Hori ez da askotan gertatzen; Argentinan bai; han 300dik gora militar eta gobernu arduradun daude kartzeletan, eta epaiketak ez dira bukatu. Horrek estatu espainolean 1977ko Amnistiaren Legea ezabatzea dakar, bera baita egungo inpunitatearen zutabe. Justizia gauzatzeko beste modu bat da biktimen duintasuna aldarrikatzea. Eta hirugarren modua, kolpe militarraren aurka eta diktaduraren aurkako borrokalari guztien errekonozimendua aitortzea gizarteak, eta hurrengo belaunaldietan garbi-garbi agertzea kolpe eta diktadura haren benetako egia –ehunka milaka erailak, espetxeratuak, atzerriratuak, torturatuak...– zein izan zen, berriz ez errepikatzeko.

Erantzukizuna zeini dagokio?

Estatuari.

Espainolari?

Edo euskaldunari biharko egunean, berdin zait. Administrazioari, orokorrean. Botere publikoari. Eta ez dugu guk bakarrik esaten; Nazio Batuen Elkarteak ere esaten du estatuek dutela erantzukizun subsidiarioa aurreko memoria historiko guztia lantzeko eta plazaratzeko eta eginiko hondamendi eta kalte guztiak erreparatzeko. 

Aldiz, momentuz, justizia bila Argentinara jo behar izan duzue, Servini epailearengana; handik fruituren bat etorriko dela uste duzue?

Bistan dagoena da oraingo estatu espainolaren gobernuarekin ez datorrela ezer. PPko gobernuak behin eta berriro esan digu ez dela estradiziorik eta ezta epaiketarik izango hemen. Horrenbestez, borrokan jarraituko dugu datozen gobernu berriek ea hori egiten duten.

Hala, bada, non da botereen arteko independentzia?

Ez dago. Sekula ez da egon; ez hemen, eta ezta Txinan ere. Hori utopia da, momentuz; ezagutzen ditugun sistema demokratiko guztietan funtsean ez dago botereen independentziarik, jakina independentzia judizialik ere ez. Argentinara jo dugu jurisdikzio internazionalaren bitartez, momentuz behintzat, posible delako frankismoaren inpunitatea plazaratzea.  Eta hori guretzat nahiko inportantea da. Internazionalki ere izan du bere oihartzuna. Martin Villa bat eta beste sei-zazpi ministro ohi inputatuak izateak bere eragina izan du, eta mediatikoki jendeari berriz gogorarazi egin dio Frankismoa ez dagoela bukatuta,. elementu gehienak, bizi direnak estatuaren aparatuan edo boterean daudelako. Beraz, Frankismoa bukatu, nola? Eta Frankismoa bukatu ez bada kolpe militarraren erantzukizunak ez dira bukatu, orain dela 80 urteko kolpe militarraren erantzukizunak. 80 urte Historian ez da ezer. Ginebrara ere jo dugu, Nazio Batuen Giza Eskubideen erakundera, eta martxoan Europako Parlamentuan egon ginen. Hari esan diogu ozen eta garbi beraiek ere badutela Frankismoaren erantzukizuna, orain dela 80 urte ez zutelako ezer egin Frankoren aurka. Batzuk, alemaniarrek eta italiarrek, zuzenean, militarki, egin zuten alde; eta besteek (estatu frantsesak, Britainia Handiak...) ere "no intervención" esaldiarekin funtsean Frankismoari lagundu zioten garaile izaten. Beraz, garbi esan behar diegu eurek ere badutela erantzukizuna Frankismoa argitzeko eta egia eta justizia azaltzeko.