Guardia zibilaren operazioari gaitzespena

2003-10-17T12:38:00+02:00 2003-10-17T12:38:00+02:00 2003-10-17T12:38:00+02:00
Udalak dei egiten die herritar guztiei, gaur, hilak 17, gaueko 20:00etan, plazan izango den kontzentrazioan parte hartzera. "Bai euskarari. Gora Euskal Herri Euskalduna" izango da leloa.

Atzo gabeko plenoan, Elgetako udaletxeak Euskalgintza ahultzera bideratutako polizia operazio berria salatzeko ARALAR eta EAJ-EA-k aurkeztutako mozioa onartu zuen. Horrela, Juan del Olmo epaileak agindu dituen miaketa eta atxiloketak salatu nahi da.

Euskalgintza ahultzera bideratutako polizia operazio berria salatzeko ARALAR eta EAJ-EA-k aurkeztutako mozioa:

Mozio honen bitartez Elgetako ARALAR eta EAJ-EA-k Juan del Olmo epaileak agindu dituen miaketa eta atxiloketak salatu gura ditu. Beste behin ere, Espainiako gobernutik euskal izaera duen edozerren aurka egiteko prest daudela argi eta garbi geratzen da. Gogoarazi gura dugu Espainiako epaitegietatik iritsitako aginduekin Egin eta Egunkaria egunkariak eta Egin irratia itxi dituztela azkenengo urteetan.

Adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidea dela gogorarazi nahi dugu, demokrazia batek demokrazia izan nahi badu ezinbesteko eskubidea. Adierazpen askatasunak, gainera, neurri kautelarrak hartzeko erabiltzen diren bigarren eta hirugarren mailako argudioen gainetik egon behar du.

Del Olmo epaileak aginduta burutu den operazioaren atzean, euskalgintzaren mundua ahultzeko helburu politikoa besterik ezin du izan. Behin eta berriro errepikatzen den egoera honek erakusten du, giza eskubideen ardura eta bermea Euskal Herriko aginte politikoen esku ipini behar dela.

Elgetako ARALAR eta EAJ-EA-k Martin Ugalde kultur parkearen kudeaketaz arduratzen den Buruntzape enpresaren kontrako operazio polizialean atxilotutako pertsonei elkartasun osoa adierazi gura die, eta haiek ahalik eta lasterren kalean ikusteko itxaropena agertu gura du. Era berean, gogorarazi gura dugu Egunkariaren aurka egin zen polizia operazioan atxilotutakoek torturak salatu zituztela. Gauzak horrela, atxilotu berri dituzten pertsonen egoeraren aurrean gure kezka adierazten dugu.

Elgetako ARALAR eta EAJ-EA-k polizi operazioak jo dituen enpresetako langile eta ordezkariek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu gura du. Kontuan hartuta dagoeneko Kontseiluak zenbait mobilizazio deitu dituela Udalak mobilizazio horiekin bat egitea eskatzen dugu:

  • Gaur, hilak 17, arratsaldeko 20:00etan, kontzentrazioak Euskal Herriko udaletxe guztien aurrean, "Bai euskarari. Gora Euskal Herri euskalduna" lelopean.
  • Zapatuan, hilak 18, arratsaldeko 17:00etan, manifestazioa abiatuko da Donostiako Antigua auzotik, "Bai euskarari. Gora Euskal Herri euskalduna" lelopean.
  • Asteazkena, hilak 22, arratsaldeko 17:30ean, "Ateak zabalik" ekimena egingo da Martin Ugalde Kultur Parkean, eta gizarteari bertara etortzeko deia egiten zaio.

Atzo gauean egondako plenoan mozioa onartu zen. Bertan zeuden Auzolanian plataformako kideak eta bat egin zuten mozioarekin.

Mozioarekin bat egin zutenak:

  • EAJ-EA.
  • Aralar.
  • Auzolanian.