Gabonak: Olentzero lehiaketa eta argiak plazan

2003-12-01T10:50:00+01:00 2003-12-01T10:50:00+01:00 2003-12-01T10:50:00+01:00
Abenduaren 19rako argiak jarriko dituzte plaza inguruan; bestetik, Olentzero lehiaketa ere antolatu dute abenduaren 20rako. Gabon usaina Elgetan.


Argiak plazan, arboletan eta kataian

Orain artean, Gabonetan, beti ipini izan dituzte argiak herrian eta aurten ere hala egingo dute jaiak gerturatu ahala, herria girotzeko asmoz. Udalak plazako zuhaitzetan bonbillak ipiniko ditu, herriko sarrerako arkuaren alde banatan "Zorionak" idatzita argiekin eta udaletxeko balkoietan, berriz, piztu eta itzaltzen diren koloretako argiak. Abenduaren 19rako argi guztiak jarrita egongo dira eta Gabon jaiak amaitutakoan kenduko dituzte guztiak.

Olentzero lehiaketa

Bestalde, Gabonei beste ukitu bat eman nahian Olentzeroren irudiak egin eta onena zein den aukeratzea proposatu zuen Aralar alderdiak azken Kultura Batzordean, eta honela ipini dute Olentzero lehiaketa abian.

Edozein herritarrek, ume, gazte zein helduek, har dezakete parte. Irudiak abenduaren 20an, zapatua, arratsaldez, Plazara eraman beharko dituzte parte hartzaileek. Ondoren, sei lagunek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den egokiena edo saria merezi duena.

Lehiaketaren oinarriak:

1. Lehiaketan herritar guztiek parte hartu ahal izango dute taldeka edo banaka.

2. Olentzeroren irudiak egin beharko dira edozein material erabiliz.

3. Olentzeroak herriko plazan aurkeztu beharko dira abenduaren 20an arratsaldeko 18:00etan.

4. Olentzeroak herriko hainbat lekutan jarriko dira errege egunera arte.

5. Sari banaketa abenduaren 23an egingo da, Olentzero etorritakoan.

Sari banaketa abenduaren 23an

Olentzero kalez kale ateratzen da Elgetan egun horretan, herriko umeen eskutitzak jasotzen eta egun hori aprobetxatuko dute antolatzaileek. Ondoren, Gabonak pasatu artean aurkeztutako irudiak herriko hainbat txokotan jarriko dira ikusgai. Oraindik zehazteke badago ere, baliteke herriko elkarteetako balkoietan ipintzea irudiok.