Abenduaren 3a, astelehena, da Euskararen eguna, eta Elgetan egunean bertan zein bezperan egongo dira Elgeta euskalduna dela aldarriketzeko ekintzak.
Horma-irudi erraldoia
Domekan, abenduak 2, 13:00etan egingo du Udalak ekintza nagusia. Adin guztietako herritarren parte-hartzea eskatu du horma-irudi erraldoia egiteko. "Banatuko ditugun kartulinak eskuan hartu eta horrela osatuko dugu koloretako horma-irudia", azaldu dute udaletxetik. Asmoa da ehun bat lagun elkartzea, eta osatutako irudiari udaletxeko balkoitik argazkia ateratzea.
Ekitaldiaren aurretik ume eta gaztetxoendako jolasak antolatuko dituzte ludoteka-gaztelekuko arduradunek; euskal ginkana egingo dute. Eta jarraian, guraso elkarteak txorizoa eta salda banatuko du. Ekintzok Herriko plazan egingo dituzte.
17:00etan, berriz, Amaia Txintxurretak DJ saioa egingo du gaztetxoendako Espaloia kafe antzokian. Sarrera doan izango da, eta pare bat orduko iraupena izango du. Udalak Goibeko euskara elkartearen laguntzarekin ekintza da honakoa.
Astelehenean, liburuak eta zinema
Euskararen egunean, berriz, hainbat ekintza egingo dituzte eskolako umeek ikastetxean bertan. Arratsaldean, liburutegiko euskarazko liburuekin erakusketa egingo dute Herriko plazan eta 18:00etan euskarazko pelikula emango dute ludotekan.