Jaun-andre agurgarriak,
Benetan eskertu nahi dizuet zuen hiriak Katalunian
gaur egun bizi den egoera politikoaren aurrean
erakutsi duen, eta datorren urriaren 1ean egingo den
Erreferendumaren zilegitasunaren alde onetsi
duzuen mozioan irudikatu den, elkartasun eta
laguntza keinua. Oso modu berezian baloratzen
dugu gure herrialdearen gaur egungo egoerak
eragiten duen arreta, zuek bidali diguzuena bezalako
ekimenen bitartez adierazten dena.
Kataluniako herriak, zilegitasunez eta era baketsuan,
modu librean eta demokratikoan bozkatzea baino ez
du eskatzen, bere etorkizun politikoa erabakitzeko.
Zoritxarrez, Espainiako gobernuak ez du eskari hori
entzun nahi, eta Kataluniako erakundeen, zerbitzari
publikoen, herritarren eta gizarte zibileko
erakundeen kontrako errepresio judizialaren bideari
ekin dio. Errepresio horrek ez ditu errespetatzen
Espainiak, teorian, aitortzen dituen berme
demokratikoak.
Espainiako zigor kodean erreferenduma delitua ez
den arren, delitu bilakatu dute erreferenduma
antolatzera zuzendutako edozein ekintza.
Kataluniako gobernuaren finantzak beraien
kontrolpean hartu dituzte. Indar polizialak bidali
dituzte Kataluniako gobernuaren egoitzetan
sartzeko, eta zerbitzari publikoak atxilotu dituzte. Eta
herritarrak, eraso horien kontra protesta egiteko era
baketsuan kalera irten direnean, Espainiako
gobernuak erantzun judiziala eman du, “sedizioa”
egotzita.
Jarduketa horiek ikusita, epe laburrean Katalunian
gertatzen diren gertakariak arretaz jarraitzeko
eskaria egiten ausartuko naiz. Zuen laguntza
ezinbestekoa da bakea, demokrazia, askatasun
zibilak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko, ez
Katalunian bakarrik, konpartitzen dugun gizarte
osoan baizik.