Elurtea: Informazioa uneoro webgunean zein telefonoz

2003-01-10T13:15:00+01:00 2003-01-10T13:15:00+01:00 2003-01-10T13:15:00+01:00
Elgetako udalaren oharra: elurra dela-eta Elgetatik pasatzen diren errepideen egoeraz uneroko informazioa emango da. Webgune honen bidez jakin ahal izango duzu errepideko egoeraren berri eta baita 943 768 022 telefonora deituta ere.

Astelehen eguerdia

Azken egunetan elurteek eta trafikoaren hazkundeak buruhauste dezente eragin dituzte gurean, baina badirudi egoera normaltzen hasia dela. Gure kaleetan oraindik trafiko ugari dago, baina azken orduetan ez du elurrik egin.

Hala, gaur goizean gidariek errepideak garbi aurkitu dituzte, eta orain arte ez da inolako istripurik gertatu Elgetako errepideetan. Gauean ez du elurrik bota, eta bart 1:15etan Foru Aldundiko langileek gatza bota zutenez, izotzak ere ez du arazorik sortu.

Kalean ibili den jendeak, dena den, izotzarekin arazoak ditu, eta batek baino gehiagok labandu eta ipurtxuntxurrekoa hartu du. Udaleko langileek zolura gatza bota ondoren egoerak hobera egin du.

Dena den, trafikoaren bolumena oraindik ez da txikitu, eta Bergara eta Maltzaga arteko errepidea berriro zabaldu arte egoera bere horretan jarraituko du. Orain egun normaletan baino hamar aldiz ibilgailu gehiagok zeharkatzen dute gure herria, nahiz eta Ertzaintzak eta semaforoak trafikoa arintzen saiatu.