Bideak zabalik daude baina kateak behar dira

2009-12-18T10:58:00+01:00 2009-12-18T10:58:00+01:00 2009-12-18T10:58:00+01:00
Izarrako bueltan, Arantzeta auzorako bidegurutzean, gurutzatuta zeuden kamioiak eta autobusa erretiratu dituzte. Hala ere, Elgetara igo edota jaisteko kateak behar dira. Herri eskola, bestetik, itxita dago. Ez da irakaslerik igo eta umeek itxita aurkitu dute 09:00etan. Zirkulatzea posiblea da orain, baina arratsaldean elur-kota 200 m-ra jaitsiko dela dio eguraldi iragarpenak. Jarraian duzue iragarpena:

Barikua, hilak 18:

- Elurrari dagokion abisu horia, 00tik UTC 24ra UTC. Elur-kota 400-600 m-ra kokatuko da;
goizaldean elur-kota beherago egoteko probabilitatea handia da. Arratsaldean elur-kota 200
m-ra jaitsiko da eta azken orduetan 0-100 m-ra jaisteko probabilitate handia dago.
Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago kantauri isuraldean.

Larunbata, hilak 19:

- Elurrari dagokion abisu horia, 00tik UTC 12ra UTC. Elur-kota 0-100 m-ra kokatuko da.
Egunaren lehen partean prezipitazio txikia egingo du; kantauri isurialdeko mendebaldean
ertaina izateko probabilitate handia dago.

 

Goizean goizetik, elurra mara-mara

Goizeko lehenengo orduetan hasi du elurra botatzen. Udaletxetik adierazi dutenez, bide guztiak itxita egon dira, baina dagoeneko zabaldu dute.  Kamioiak eta autobus bat  gurutzatu dira Izarrako bueltan, baina dagoeneko erretiratu dituzte. Elurra kentzeko makinek lanak dituzte bideak zabaltzeko. Herri barruan autoarekin mugitzeko arazoak daude. 4x4 autoak dituztenak bakarrik ausartu dira errepidera ateratzen. Herritik kanpo lan egiten duen elgetar askok etxean gelditzeko erabakia hartu du gaur. Herri eskola, bestetik, itxita aurkitu dute gaur goizean umeek. Esan dutenez ez da irakaslerik igo. Liburuak alde batera utzi eta elurretan jolasteko eguna izango da gaurkoa.

Auto istripuak

Auto istripu bat baino gehiago egon dira gaur goizean Elgetarako bideetan. Auto bat irauli egin da Elorrioko igoeran, suhiltzaileak izan dira bertan. Karabietan ere, Eibarko bidean, beste auto batek istripua izan du. Azkenik, Bergararako bidean bata bestearen segidan zihoazen hainbat autok elkar jo dute. Orduotan, 14:00ak, zirkulazioa atzera ere normaltasunera itzuli dela esan daiteke. Kateak erabiltzeko gomendioa egin dute Herrizaingo sailetik, baina autoak eta kamioiak barik dabiltza gora eta behera. Baina kontuz, iragarpenak arratsaldean elur gehiago botako duela dio-eta.

Elurra kentzeko makinak

Foru Aldundiko elurra kentzeko makinak eguerdi partean zabaldu dute Bergararainoko bidea. Ordu horretan erretiratu dituzte bidean gurutzatuta zeuden kamioiak eta autobusa.  Udal brigadako kideak herri barruko pasabideak garbitzen aritu dira goiz osoan, eta Mikel Beretxinagak industrialderako eta Berraondorako bideak zein erdiguneko kale aldapatsuak garbitzen ibili da bere makinarekin. Orduotan baserrietarako bideak garbitzen ari dela jakin dugu.

Umeak jolasean

Elurrak eragozpenak sortu ditu errepideetan, baina umeen gozamena ere izan da. Eskola barik pozik aritu dira jolasean. Elurretako panpinekin bete dituzte bazterrak eta asko izan dira lerak etxetik atera dituztenak.