Elgetako Udalak elgetarrak zoriondu ditu hondakinen bilketan izandako emaitzengatik

2016-02-08T13:00:00+01:00 2016-02-08T13:00:00+01:00 2016-02-08T13:00:00+01:00
2015eko batezbesteko bereizte tasa %77,56koa izan da, 2014koa berriz %43,65ekoa. Gero eta errefus gutxiago sortzen dugu Elgetan.

Aurrera pauso handia egin dugu Elgetan hondakinen bereizte mailari dagokionean. Duela urtebetera arte, birziklagarria zen hondakin ugari era nahasian jasotzen zen. Kasurik onenean, hondakinen %43,65 jasotzen zen bereizita.
2015eko egoera, ordea, oso bestelakoa da. Guztion ahaleginarekin, %77,56koa izan da batezbesteko bereizte maila, eta hilabete bakarrean ere ez da %75etik beherako emaitzarik izan.

ZER LORTU DUGU?

- Birziklatu ezin den hondakin kopurua (errefusa) gutxitu dugu.
- Dirua aurreztu dugu, garestiagoa baita birziklatu ezin diren hondakinen tratamendua.

2016rako tarifen arabera 157,38€ + BEZ ordaindu behar da errefus tona bakoitzeko. Tasa hau aurreko bi urteei aplikatuz:
- 2014an 262,3 tona errefus jaso ziren Elgetan. Kopuru honen kudeaketa tasa 44.248,96€koa da.
- 2015ean 94,03tona errefus jaso dira. Kopuru honen kudeaketa tasa 16.276,21€koa da.

Alde nabaria da, hala ingurumen ikuspegitik nola ikuspegi ekonomikotik. Sistema honek eraginkorra dela frogatu du. Hala ere, datu hauek hobetzeko aukera dugu, eta horretarako guztion artean ekitea ezinbestekoa da.
Zorionak Elgeta!