Elgetako saihesbidearen 2. faseko trazatu proiektua, jendaurrera

2008-02-11T16:56:00+01:00 2008-02-11T16:56:00+01:00 2008-02-11T16:56:00+01:00
1,1 kilometroko luzera eta 11, 4 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du trazatu proiektuak, 2005ean irekitako saihesbide zatiari jarraipena emango dion errepide berriarentzat. Saihesbide horren trazatuak, herrigunearen Iparraldeko ertzetik joango denak eta enborrak 1.100 metro izango dituenak, Elgetako hiri antolaketa arauetan aurreikusitakoari jarraituko dio neurri handi batean, doikuntzaren bat eginez herrigunetik pixka bat urruntzeko. Egungo GI-2632 errepidean egingo den biribilgune berri batean hasiko da, Bergaratik igotzen den zatian, herrigunetik 400 metro ingurura, eta mazelaren erdialdetik igotzen jarraitzen du egungo errepidearen antzeko maldarekin.

Muinoko lekurik gorenera iristean, lubaki bidez zeharkatuko du, eta zati batean tunel artifiziala egingo da. Horren gainean berregingo den GI-2639 errepidearen bidegurutzea igaro ondoren, biribilgune berri batera iritsiko da. Bidegurutze horrek lau beso izango ditu, bi saihesbidekoak eta beste bi GI-2632 errepidearen lotunekoak, bat Eibarrerantz eta bestea Elgetako herrigunerantz. Saihesbidearen amaierako zatia zuzena da, betelan garrantzitsu batean eutsiko dena, eta zati horrek biribilgune berria saihesbideko 1. faseko amaieran egindakoarekin lotuko du. Proiektatutakoaren sekzioa 1. fasekoaren antzekoa da, hau da, 3,50 metro zabaleko bi lerro izango ditu, eta ertzetan metro bateko bazterbideak eta 0,75 metroko bermak. Proiektuan fabrika obra garrantzitsu bakarra egingo da, muinoko lubakiaren ingurumen eragina murrizteko proiektatu den tunel artifizial bat, eta horren gainean GI-2632 errepideko bidegurutzea berregingo da. Tunelaren zati estalia 70 metro luze izango da –95 metro hegalkinak gehituta- eta barruko sekzioa 11,60 metro diametrokoa izango da. Obrak egiteko epea, gutxi gorabehera, hamazazpi hilabete da, eta lizitazioko oinarrizko aurrekontua 11.449.389,95 euro, BEZa barne.