Edurne Egaña diputatua Elgetan izango da

2011-01-05T12:52:00+01:00 2011-01-05T12:52:00+01:00 2011-01-05T12:52:00+01:00
Edurne Egaña Gipuzkoako Foru Aldundiko Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuaren diputatua Elgetako herritarrekin elkartuko da datorren urtarrilaren 10ean, Elgetako udaletxeko Pleno aretoan, arratsaldeko 18.30ean. Diputazioak azken 3 urteetan landutako Kudeaketa Planaren berri emango du aurrenik diputatuak.

Segidan, han bildutako arduradunek euren iritzi eta ekarpenak aurkezteko eta diputatuarekin partekatzeko aukera izango dute. Deialdia irekia izaki, bilerara joan nahi duenak 943 112290 zenbakira deitu edo gipuzkoaeraikitzen@gipuzkoaeraikitzen.net helbidera mezua igorri besterik ez du.

Gipuzkoa Eraikitzen

Gipuzkoa Eraikitzen izeneko ekimena Aldundiaren kudeaketa herritarrekin partekatzeko eta aztertzeko helburuarekin sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zehatz-mehatz, uztailaren 2an onartu zen Gizarte Parte Hartzeko Foru Arauaren lehenengo ekimena da Gipuzkoa Eraikitzen. Gipuzkoako diputatuak nahiz foru zuzendariak lurraldeko udalerrietako talde eta herritarrekin bilduko dira otsaila bitartean, herritarrei kudeaketa planaren exekuzioa eta emaitzak helarazteko eta haien iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Bilera hauetara herri bakoitzeko hainbat talde eta elkartetako kideak gonbidatuko ditu Diputazioak. Azken helburua da era guztietako talde eta herritarrekin elkartzea eta zuzenean haien ekarpenak eta iritziak jasotzea. Beraz, formatu txikiko topaketak egingo dira.

Dena den, herritarrek aukera izango dute intereseko zaien gaien inguruko bilerak proposatzeko Diputazioari, eta dagokion diputatuarekin bilera antolatzeko eskaerak onartuko ditu foru erakundeak. Foru Aldundiak landuriko Kudeaketa Planean 7 helburu zehaztu zituen: mugikortasun aurreratua eta komunikazio azpiegiturak indartzea, lurralde oreka mantentzea, lurralde oreka zaintzea, gure nortasuna eta kultura babestea, gipuzkoarren ongizatea bermatzea, lehiakortasuna handitzea eta bakea eta normalizazioa lortzea. Aipatu Kudeaketa Planean finkatutako helburuetatik %87,6 beteta zeuden 2010eko ekainean; %12, 4, berriz, betetzeke. Bitarte horretan, gainera, Krisiaren Aurkako Plana jarri behar izan du abian Diputazioak, eta 100 milioi euro bideratu ditu horretara. Besteak beste, 3 obra publiko aurreratu dira, 182 berrikuntza proiektu martxan jarri dira, 181 gazte kualifikatu kontratatu dira, minusbaliotasun baztertze arriskuko 5.500 pertsona laneratu dira, 10 enpresa eta 27 proiekturen nazioartekotzea lortu da, eta 8 azpiegitura teknologiko sustatu dira. Parte-hartzea bermatzeko eta hurbiletik herritarren iritzia ezagutzeko galdetegi bat pasa zaie ekitaldietara joandako herritarrei. Gipuzkoaren etorkizuneko proiektua diseinatzeko Aldundiak kontuan hartuko ditu galdetegian ateratako emaitzak, eta prozesua amaitzean memoria bat osatuko da emaitza horiekin, eta publikoki aurkeztuko, partaide guztiekin elkarbanatzeko. Galdetegi horrezaz gain, gipuzkoapartehartzen.net webgunea eta gipuzkoaeraikitzen@gipuzkoaeraikitzen.net posta elektronikoa ere herritarren eskura daude euren iritzia eman eta ekarpenak egiteko. Informazio hori zabaltzeko beste zenbait kanal ere ireki dira: Facebook, Twitter edota Youtube esaterako, Zure Herrian erabiltzaile-izenpean.