E planeko dirua leihoetarako, barandetarako eta eskolarendako

2010-01-29T12:54:00+01:00 2010-01-29T12:54:00+01:00 2010-01-29T12:54:00+01:00
Itoginak dituen Herri eskolako fatxada konpontzeko 42.441 euro bideratuko dituzte. Herriko bost gunetan barandak ipintzeko edo berritzeko, berriz, 35.861 euro gorde dituzte.

Estatu Fondoko diruarekin Herri eskolako fatxada konpontzea, herriko barandak berritzea, eta udaletxeko leihoak aldatzea nahi du udalak. Hirigintza batzordean asteon adostu moduan hiru proiektu nagusi horietara bideratuko dute Zapateroren bigarren E plana.

Aurten Estatu Fondotik Elgetara 113.512 euro etortzea aurreikusten da.

Leihoak eta barandak

Udaletxeko leihoak aldatzeko erabakia eraginkortasun energetikoa hobetzeko irizpidea jarraituta hartu da. Iaz jasotako dirulaguntzarekin, besteak beste, udaletxeko fatxada eta teilatua konpondu ziren. Zaharkituta dauden leihoak aldatuta energia aurreztuko litzateke. Egitasmo horretara bideratutako diru kopurua 35.209 euro da.

Herrian, bestalde, hainbat baranda ipintzeko edo berritzeko beharra ikusi da. Berraondokoan, kafe antzokirako bidean, Artekalen eta Domingo Iturbe kalean ipintzea lehentasunezkotzat jo da. Hala, 35.861 euroko diru saila bideratuko da horretara.

Herri eskolako fatxada

Antzemandako beste premia bat Herri eskolako fatxada konpontzea izan da. Itoginak ditu eta horiek konpontzeko zein teilatu-hodi egoki bat ipintzeko 42.441 euroko partida aurreikusi du udalbatzak.