Bederatzi kirol jarduera ikasturte berrirako

2010-09-09T10:56:00+02:00 2010-09-09T10:56:00+02:00 2010-09-09T10:56:00+02:00
Forman egoteko jarduera fisikoren bat egitea nahi duten elgetarrendako gertu dago ikasturte berrirako udal programa. Urrian hasiko dira saioak eta lehenengo hamabostaldian jarduera ezberdinak doan ezagutzeko aukera izango dute interesatuek. Iazko prezio berdinak mantentzeko erabakia hartu du Udalak eta langabetuei %10eko deskontua egingo zaie. Ainhoa Callejak eta David Fernandezek gidatuko dituzte 2010-2011 ikasturtean saio gehienak

Iaz moduan Goiena Sport enpresarekin elkarlanean antolatu du Udalak kirol eskaintza. "Planteamendua zen adin tarte guztiendako eskaintza egitea eta eskaera hori asetzen saiatu gara", adierazi du Goiena Sport enpresako kide Bixen Calzonek.

Izenematea zabalik

Hasiera batean iaz izandako eskaera kontuan hartuta spinning saioetarako hiru talde osatzeko aukera emango dute aurten. "6-8 urte bitarteko umeendako jolas saioetan koordinazioa, eta oreka moduko gauzak landuko ditugu", azaldu du Calzonek. "Kirol hastapena da, kirol espezializatu batera jo nahi duen umearendako aproposa". Goiena Sport enpresaren kudeaketatik kanpo gelditzen den psikomotrizitate ikastaroa bi urteko umeei zabaltzen zaie aurten, eta nagusiek tai txi zein yoga egiteko aukera ere izango dute. Izena emateko udaletxera jo behar dute interesatuek edo kirolak@elgeta.net helbidera zuzendu behar dute.

Kirola zerbitzua 2010-2011 eskaintza

Psikomotrizitatea   
Astelehenetan 2-6 urte bitarteko umeendako. Ordutegia finkatzeke.

Multikirola
Astelehenetan eta eguaztenetan. Bi talde; 17:00etan eta 18:00etan hasita.

GAP/Streching   
Astelehenetan eta eguaztenetan 19:00etatik 20:00etara.

Spinning   
Hiru talde. Astelehenetan eta eguaztenetan 20:00etan hasita edo martitzenetan eta eguenetan 19:30ean edo 20:15ean hasita.

Hirugarren adinekoendako gimnasia   
Martitzenetan eta eguenetan 16:30etik 17:30era.

Jolasak (6-8 urte)   
Martitzenetan eta eguenetan 17:30ean hasita.

Mantentze gimnasia  
 
Martitzenetan eta eguenetan 18:30ean hasita.