Azokak, txorimalo lehiaketak, Intxortara igoerak eta motorren erakusketak girotu dute asteburua

2015-09-22T08:30:00+02:00 2015-09-22T08:30:00+02:00 2015-09-22T08:30:00+02:00
Eguraldi ederrak lagunduta, asteburu paregabea izan da joandakoa. Jendetza ibili da zapatuko azokan eta Intxortara igoerak eere jende kopuru polita batu zuen. Lambretta eta Vespa topaketak, ostera, herri osoan eta inguruetan zabaldu zuen motor hotsa.

Zapatua

Ez zen aspertzeko unerik egon zapatuan Elgetan: herriko eta inguruko baserritarrek eta saltzaileek azoka egin zuten herriko plazan; 11:00etan, Intxortara igoera lehiatu zen, heldu eta gaztetxoendako; eta txorimalo lehiaketa ere egin zuten. Arratsaldean, patata-tortilla lehiaketa egon zen. Ohi bezala, Udalaren eta gaztetxearen egitarauek bat egin zuten egun osoko eskaintza osatzeko.

Bederatzi ortuzain eta bi artisau izan ziren goizean Elgetako plazan euren generoa erakusten eta saltzen. Tartean zeuden ere ikasbidaiarako goxoak saltzen zeuden bi talde, bat herriko ikastetxekoena eta bestea Ipintza institutuko hiru lagunena.

Eguraldi ederrak animatuta, jendea postuei begira egon zen eta, ekoizleen esanetan, saldu ere ondotxo saldu zen. Herriko Sesto Gain, Olaegi, Zezeaga, Larrabiltxo, Altube, Zabaleta eta Jalotza baserrietako produktuak izan ziren salgai; bestalde, Jose Antonio Ojangurenek, Rachida Moutasabehk eta Lorena Ibeas eta Igor Herce artisauak ere bertan izan ziren.

Udalak baserritar bakoitzari 5 euroko erosketa egin zion eta, produktu horiekin, gero zotz egiteko otzara osatu zuen. Txartelak azokako saltzaileek saldu zituzten. Irabazleak bertan jaso zuen otzara.

Bi txorimalo aurkeztu dira aurten lehiaketara; hain zuzen, azokan postua ipini zuten bi ikasle taldeek aurkeztu zituztenak. Lehen saria Ipintzako ikasleek irabazi zutren. Bi taldeek ere esan zuten atzo arratsaldean egin zituztela txorimaloak.

Errekor berria Intxortara igoeran

Horrekin gutxi balitz, Intxortara igoera ere izan zen. 20 parte-hartzaile izan ziren eta denek bukatu zuten lasterka egin beharreko joan eta etorriko bidea; aurten, gainera, errekor berriarekin. Eleder Lozanok irabazi zuen, Intxortara buelta 16 minutu eta 14 segundotan egin ondoren; orain arteko marka 16 minutu eta 15 segundo zen. Lehenengo emakumea Elena Elkoro izan zen. 16 urtetik gorakoek parte har zezaketen kategoria horretan. Txapeldunarendako eta emakume azkarrenarendako 60 euroko sari bana izan ziren eta, gainera, errekorra ontzeagatik, beste 60 euroko saria.

16 urtetik azpikoen artean lehenengoa Aitor Elkoro izan zen, eta neska azkarrena, Noa Andueza.

12 urtetik azpikoek Salbadorrera igoera egin zuten segidan.

 

 

ARGAZKI GEHIAGO (Goiena.eus):

 

Lambretta eta Vespa topaketa

 
Herritar eta inguruko motorzaleen ikusmina piztu zuen Elgetako Vespa eta motorren hamargarren topaketak domekan, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin zuten: "Oso ondo irten da guztia. Balorazio positiboa egiten dugu, jende jatorra eta laguntzeko prest dagoena elkartu gara, eta ezin gara kexatu", azaldu zuen Fermin Iribar antolatzaileak.
 
Lasarte, Bilbo, Logroño, Errenteria, Ernani, Frantzia edota Valentziatik ekarritako Vespa eta Lambretta motorrak izan ziren Elgetako hamargarren Vespa eta Lambretta topaketan. 90 motor inguru; Landatik buelta bat egin zuten eta herriko plazan jarri zituen guztiak ikusgai.