Azken asteetan Udalak hartutako erabakiak

2003-05-16T17:54:00+02:00 2003-05-16T17:54:00+02:00 2003-05-16T17:54:00+02:00
Azken bi asteetan Udalak lau erabaki hartu ditu. Maiatzaren 6an esaterako Arau Subsidiarioen behin-behineko onarpena sinatu zuen, eta 9an Aixolako urtegiko pista konpontzea erabaki zuen. Era berean, Gobernu Batzordeak maiatzaren 13an egindako bileran Torrealdeko urbanizazioari eta birpartzelazioari ekitea onartu zuen.

1.- Arau Subsidiarioen behin-behineko onarpena 2003ko maiatzaren 6an egindako udal osoko bileran

Elgetako udalak maiatzaren 6an egindako osoko bilkuran behin-behineko onartu zituen Elgetako arau subsidiarioak. Hori izan da udalak egin beharreko azken izapidetza arauak onartzeko.

Orain, eta maiatza amaitu baino lehen dokumentu hori Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko da bertan behin betirako onartzeko.

Hasierako onarpenari 14 alegazio egin zitzaizkion, horietako batzuk teknikoak edo akats zuzenketak.

Oharra: Behin-behineko onarpenak PNV-EAko 4 zinegotzien aldeko botoa jaso zuen, eta Sozialista Abertzaleko 3 zinegotziak abstenitu egin ziren.

2.- Aixolako urtegia inguratzen duen pista konpontzea

Maiatzaren 9an Eibar, Ermua eta Elgetako alkateek Aixolako urtegia inguratzen duen bidea konpontzeko hitzarmena sinatu zuten. Bi konponketa mota egingo dira:

  • Ermutik Elgetara norabidean ezkerraldeko bidea asfaltatzea.
  • Ermutik Elgetara norabidean eskumaldeko bidea zabor-legarrarekin konpontzea, eta baita bide bazterrak eta abar ere.

Obraren kostua 156.181 eurokoa da (25.986.332 pta). Kostu horren % 40 Ur-kontsortzioak ordainduko du, eta gainontzekoa hiru udalek ordainduko dute hainbanatuta (%20a udal bakoitzak), hau da, Elgetako Udalak 31.236 euro (5.197.233 pts.) ordaindu beharko ditu.

Lanak hasita daude, eta 3 edo 4 aste beharko dituzte amaitzeko.

3.- Urbanizazio proiektua (Torrealdeko etxebizitzak)

Gobernu Batzordeak maiatzaren 13an egindako bilkuran hasierako onespena eman zion 8 sektorea (Torrealdeko etxebizitzak) urbanizatzeko proiektuari. Proiektuaren kostua 208.840.839 pta-koa da. Interesatuek 15 eguneko epea daukate Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita iradokizunak eta erreklamazioak egiteko.

4.- 8 sektoreko (Torrealdea) birpartzelazio proiektua

Gobernu Batzordeak maiatzaren 13an egindako bilkuran hasierako onespena eman zion 8 sektorea (Torrealdea) birpartzelatzeko proiektuari. Interesatuek 15 eguneko epea daukate Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita iradokizunak eta erreklamazioak egiteko