'Azaroan, pintxo igandeak' buelta da

2015-11-05T11:34:00+01:00 2015-11-05T11:34:00+01:00 2015-11-05T11:34:00+01:00
Badira hainbat urte Udalak, tabernarien elkarlanari esker, 'Azaroan, pintxo igandeak' bezala ezagutu den ekimena abian duela. Azaroan zehar herria kolorez jantzi eta tabernen bizitasuna suspertuko du aurten berriz ere ekimen honek.

EGUTEGIA

 

AZAROAK 15: Pintxo Lehiaketa. 

Taberna bakoitzak bi pintxo aurkeztu beharko ditu. Aurkezteko taberna bakoitzak duen ordutegia zozketa bidez ezarriko da. Epaimahaia ordutegi horretan agertuko da tabernara pintxoak dastatzera.  Epaimahaiarentzako ez ezik, kalean erakusteko beste bi pintxo egin beharko dira.

Puntuatzeko erabiliko diren irizpideak: zaporea (10 puntu), Itxura (10 puntu), elaborazioa (10 puntu). Jainaga eta Narbaizak alaituko dituzte kaleak eguerdian eta irabazle suertatzen denari txapela eramango zaio tabernara. Kalejira 14:00ak inguruan hasiko da.

Aurkezten diren pintxoak azaroko 3 igandetan  euro batean saltzeko ideiarekin egin beharko dira. 

Taberna partehartzaile bakoitzari salduko duen pintxoaren argazki txukun bat emango zaio, publizitate gisa.

Herritarrak

Herritarrek parte hartzeko bideak zabalduko dira. Alde batetik, osagaiak asmatuz (taberna bakoitzean irabazle denari ardo ondu eta txakolin botila opari), eta bestetik, herriko pintxo onena aukeratuz (irabazleari 30 euroko txartela, herritarren iritziz irabazle izango den tabernan gastatzeko).

Guzti honi bultzada emateko, Elgetako Udala ez da soilik azaroaren 15a alaitzeko bideak topatzearekin konformatuko, eta egutegia osatuz jarraituko du antolakuntzak.

Hitzordu gehiago

  • Azaroak 22: Elgeta kantuan ekimenak alaituko ditu kaleak
  • Azaroak 29: Argazki lehiaketa eta bertsolariak tabernetan zehar. (Kontuan izan bisita gidatua tokatzen dela Intxorten magalera).

Esan baita, aurtengo edizioan Gatzagako GATZA erabiliko dutela tabernariek beraien pintxoak elaboratzeko, Elgetatik gertu sortzen den altxorra Elgetarron gozamenera gerturatuz.