"Arrautza delikatuak" antzezlana ikusgai

2003-10-17T09:15:00+02:00 2003-10-17T09:15:00+02:00 2003-10-17T09:15:00+02:00
Urriaren 24an, gaueko 22:00etan, Hika antzerki taldearen "Arrautza delikatuak" lana antzeztuko dute. Espaloia aretoan izango da. Aktoreak Mikel Laskurain eta Teresa Andonegi dira.

Sinopsia

Taberna batean ez ohiko ikuskizun bat izango da: emakume batek ikerketa bat aurkeztuko die bertan txikiteoan ari diren pertsonei. Ikusleen artean bada bereziki axola zaigun gizona, bera ere txikiteoan. Eskuetan foileto bat du, euskaraz alfabetatzearen aldekoa, baina badirudi berak nahikoa duela etxeko euskararekin.

Emakumea bere tesia aurkezten hasiko da denboran atzera eginez, arbasoekin hasiz. Arbaso horiek, ordea, gizonaren harridurarako, bere arbasoak dira eta berak ezagutu egingo ditu...

Hiru ardatzetako istorioa

Hemendik abiatuko da istorioa, hiru ardatzetan oinarrituta: lehenengoan, Aurelioaren aiton-amonen kontakizuna aurkeztuko zaigu; bigarrenean, gizonaren eta emakumearen arteko alegiazko edo benetako harremana azalduko da eta, azkenik, muinera iritsiko gara. Ikuslearen harridurarako, gizona eta emakumearen artekoa, ordurartekoa alegia, beharbada fikzio hutsa izan dela erakutsiko digute. Istorioak bira osoa egingo du: gizon-emakumeak aktoreak dira, arrautza delikatuak euskara kanpaina etxeak kontrataturikoak spot bat egiteko.

Ikuskizun honetan fikzioa fikzioaren barruan kokatua duen formula erabiliko da, baina amaiera arte hau ez da argituko. Absurdoaren antzerkia da arrautza delikatuak aurkezten diguna. Bi pertsonaia horien arteko gorabeherak; hizkera dela (gizonaren hizkera herrikoia eta kaletarra, arrunta, eta emakumearen hizkera landuagoa, poetikoa eta eskolatua) eta joko dramatikoaren bidez, antzerki absurdo honi ohi dagokion komikotasuna gailenduko da.

Ikus-entzunezkoen erabilpena

Ikus-entzunezkoen bitartekoak erabiliko dira muntaia honetan. Osagarri garrantzitsuak izango dira eta berauen bidez ezagutuko dugu bi pertsonaia hauen barne-mundua, istorioaren azpitestuak eta bigarren irakurketek emango digutena, alegia.

Bukaeran, anonimoak ziren gizon-emakumeek izena izango dute: Peio eta Maria. Bi pertsonaia arbasoengandik hasi, frankismotik igaro eta gure garaietara helduz. Hau guztia arrautza delikatuez hitz egiteko. Gure hizkuntza da arrautza delikatua eta zaindu beharra dago, usain ederrik, zapore gozorik eta kolorerik gal ez dezan. Beraz, Euskal Arrautza ofizialak gaurtik salgai.