Apiriletik aurrera ludoteka zerbitzua emateko ahalegina egingo du Udalak

2012-03-08T14:14:00+01:00 2012-03-08T14:14:00+01:00 2012-03-08T14:14:00+01:00
Zerbitzua bideragarri egiteko kuotak egokitu egingo dira, zerbitzu orduak jaitsi egingo dira, eta gutxieneko erabiltzaile kopurua beharko da.

"Hasierako aurreikuspena zerbitzua neguko hilabeteetara mugatzea bazen ere, eta ikusita beharra badagoela, apirilean, maiatzean eta ekainean ludoteka zerbitzua emateko ahalegina egingo dugu". Oxel Erostarbe alkateak atzoko batzarraren ostean esandako hitzak dira.

Hogei bat gurasoren aurrean azaldu zuen Erostarbek Udalaren proposamena. Alde batetik gutxieneko erabiltzaile kopurua behar dela esan zuen, eta bestetik hainbat aldaketa egongo direla apiriletik aurrerako zerbitzuan. Kuotak egokitu egingo dira; aurrerantzean kobratu egingo da zaintza zerbitzua —umea eskolatik jaso, ludotekara eraman eta merienda eman—, eta prezioa hilean 90 euro izango da. Ohiko ludoteka zerbitzua, aldiz, merkatu egingo da; 40 eurotik 20 eurora, eta 2-5 urte bitarteko erabiltzaileek kuota berezia ordainduko dute; 40 euro hilean. Zerbitzua, gainera, ordu gutxiago egongo da zabalik; ordu laurden gutxiago apirilean eta maiatzean, eta ordu erdi gutxiago ekainean.

"Zaintza zerbitzua bideragarri egiteko gutxieneko erabiltzaile kopurua behar dugunez premia duten herritarrei eskatzen diegu lehenbailehen udaletxera etortzeko", esan du Erostarbek. Bost erabiltzaile behar dira zaintzan, eta dagoeneko izena emanda dauden erabiltzaileen gurasoek lehenbailehen jakin nahi dute taldea osatuko den ala ez. "Nire ustez gehiengoa ados agertu da egindako proposamenarekin. Orain tokatzen da ikustea zein den dagoen benetako erabiltzaile kopurua", esan du Erostarbek.

Udalak bestelako tarifak ateratzeko konpromisoa ere azaldu du. Eguneko sarrera, esaterako, hiru euro izango da; sei euro zaintzaren kasuan.

Gaztelekurik ez apirilean

Gazteleku zerbitzuari dagokionean bestelako neurriak hartzea erabaki zen gurasoekin egindako batzarrean. Apirilean, hori bai, ez da zerbitzurik emango. "Neguko hilabeteetan zerbitzuaren beharra ikusi den moduan udaberri-udan zalantzak sortu dira", azaldu du Erostarbek. "Gurasoek zerbitzua moldatzeko beharra ikusten dugu, eta egia esan bai ikusten dugu aldaketa horiek gaztelekuko erabiltzaileekin adostu behar ditugula", esan du alkateak. Udalak gazteekin batzartzeko asmoa agertu du beharrak zeintzuk diren ezagutzeko.