Apirilaren 27an, domeka, egingo da Intxortako gerrateen bigarren errekreazioa

2014-04-24T09:17:00+02:00 2014-04-24T09:17:00+02:00 2014-04-24T09:17:00+02:00
Iazkoarekin alderatuz, hainbat berrikuntza izango dira errekreazioan: antzezpena egiteko leku gehiago izango dute, kanoia ekarriko dute eta Elgetatik igoko dira gudariak eta milizianoak Intxortara. 120 lagun izango dira, aurrez parte hartutakoak batzuk, baina kide berriak ere bai.

Egun gutxi batzuk besterik ez dira falta Intxortako borrokaldien bigarren errekreazioarako eta Elgetan azken detaileak lotzen ari dira. Parte-hartzaileek apirilaren 12an jaso zituzten jantziak eta materiala. Zapatuan elkartuko dira berriz, kasu honetan entsegu orokorra egiteko. 16:00etan egin dute hitzordua Intxortako Ate monumentuaren aurrean.

Egitaraua

Domekako egitarauari dagokionean gudari eta milizianoak 10:15ean elkartuko dira Elgetako herriko plazan hamarretakoa egiteko. 11:00etako kanpai hotsak entzundakoan abiatuko dira lubakietara. Une horretan itxiko dute zirkulazioa errepidean. Antolatzaileek aurreikusten dute errekreazioa 11:30ean hastea.

Ordu erdi inguruko iraupena izango du ikuskizunak eta amaitutakoan aukera egongo da lubakiak zein errekreaziorako ekarritako materiala ikusteko, baita erretratuak ateratzeko ere.

Oinez egingo dute jaitsiera bai agintariek bai parte-hartzaileek, eta bidean lore eskaintza egingo dute Salbador ermita aurrean gerrako biktima zibilen omenez dagoen oroigarrian.

Herrian memoria historikoko taldeen material salmenta, trikitilariak, txistulariak... egongo dira.

Herri bazkaria

Kiroldegiko gimnasioan egingo dute herri bazkaria eta txartelak salgai daude eguenera arte Bolatoki tabernan. Erreserbak ere egin daitezke danonartian@elgeta.net helbide elektronikoan. Honezkero 75 lagunek eman dute izena.
 
Gogoratu salgai daudela zozketarako txartelak zein Intxortako Irrintzia argitalpena.