Adin txikikoen jarreren prebentziorako hitzaldia gaur

2010-02-23T13:22:00+01:00 2010-02-23T13:22:00+01:00 2010-02-23T13:22:00+01:00
Gazteen artean lanean urte asko daramatzaten Arrats elkarteko ordezkariek egingo dute hitzaldia. 12-18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek gonbidapena jaso dute. Gaur, hilaren 23an , udaletxean izango da 19:00etan.

Elgetako Herri Eskolako gurasoekin eta Bergarako eskola kontseiluan dauden Elgetako gurasoen ordezkariekin adostuta, Udalak gurasoei zuzendutako hitzaldia gertatu du. Gure adin txikiko eta gazteen artean delitu eta gizarte bazterketa ekiditea izena jarri diote gaur, otsailak 23, udaletxeko osoko bilkuren aretoan 19:00etan egingo den hitzaldiari.
 Udaleko Ongizate batzordetik jakinarazi dutenez, hitzaldia bereziki 12 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten Elgetako gurasoei zuzenduta dago.

Arrats elkartea

Gazteen artean lanean urte asko daramatzaten Arrats elkarteko ordezkariek egingo dute hori. Lehenik eta behin, nerabezaroak dakartzan aldaketen gainean jardungo dute. Hain justu ere, nerabeek bizi duten nortasunaren urrakortasun egoeraren gaineko azalpenak eskainiko dituzte; esaterako, gorputz berriaz, sexualitateaz, nortasun eta erreferente berriez egingo dute berba atal horretan.
Jarraian, arrisku jarreren inguruan eta gizarteak horiek onartzeko duen erraztasunaz hitz egingo dute, hala nola asteburuetako aisialdiaz, gazteen balio materialistaz, droga kontsumoez, sexualitatearekin lotutako arriskuez, eskola porrotaz edo delituez. Azken horretan, kaletako liskarrak, droga kontsumoa eta salmenta, lapurretak, herriko hiri-altzariak txikitu eta eskola jazarpenaren gaiak jorratuko dituzte.

Legedia

Hitzaldia amaitu aurretik, adinez txikiak direnen legediaren gainean informatuko dute, baita bullying-a eta horrek dituen zigorren gainean, zigor horiek non betetzen diren eta horien aurrean justiziak nola funtzionatzen duen.

Horren harira, Arrats elkarteko ordezkariek gurasoei azalduko diete adin txikikoen legearen helburua ez dela zigorra, gaztearen errekuperazioa baizik; eta bi arlotan egiten dela hor lan: norbanakoan eta nerabearen inguruan.