Elgetako Udalak 29 herritarri omenaldi ekitaldia egingo die hilaren 23an, barikua. Espaloia Kafe Antzokian izango da 18:30ean hasita. Omenaldia izateaz gain ahotsak.com izeneko proiektuaren aurkezpena ere egingo dute bertan.
Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri
hizkerak katalogatu eta hedatzea da proiektu horren helburu nagusia.
Horretarako 84 herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren
euskara eta bizipenak jaso dituzte, tartean 29 elgetarrenak. "Nabarmen
aldatzen doaz gure berba egiteko moduak, ohiturak. Elgetako euskarak
daukan aberastasuna galduz doa eta esango nuke gaizki erabiltzen dela
batez ere gaur egungo belaunaldien artian", adierazi du Ana Gillegi
euskara eta kultura zinegotziak. "Teknologia berriek ematen diguten
aukera ezin hobe hau aprobetxatu nahi izan da, ondare hori danon eskura
ipintzeko, ikasteko, ez ahazteko".
Proiektuaren ardura Deba
Ibarreko Badihardugu Euskara Elkartearena da, Elgetako Goibeko elkartea
parte dela. Grabatuta gelditu dira egindako elkarrizketa guztiak eta
materiala horrekin dagoeneko argia ikusi dute Iban Arantzabalek
egindako Elgetako Aditz Taulak eta Alberto Telleriak landutako Elgetako
mapa toponimikoa.
Grabazio guztiak, gainera, www.ahotsak.com webgunean daude eskuragarri. "Materiala hori, aurrerantzean, edozein lan filologiko edo linguistikoa egiteko jasota geldituko da. Arrasto bat gordeko dugu Elgeta gerra aurretik zer izan zen jakiteko. Gerra aurreko kontuak artxibatuta geldituko dira", adierazi du Elgetako Aditz Taulen egile Iban Arantzabalek. "Eduki hori guztia, bestalde, libre lagatzea erabaki da www.ahotsak.com webgunearen bitartez. Ez da beste ikerketa zientifikoetan bezala gertatutako ikerlariak berarendako gordetzen duela jasotako materiala".
29 parte hartzaile
Elgetan 29 lagunek hartu dute parte proiektu horretan. "29 hizlari
mila biztanleko herri batean kopuru polita da", esan du Arantzabalek.
"Jendeak euskara laguntzeko proiektua dela ulertzen duenean ateak
zabaltzen ditu, besteak beste zentsura bizi izan dutelako".
Kondaira
zaharrak, eskolako kontuak, baserriko lanak... askotariko gaiak izan
dituzte hizpide Elgetako elkarrizketatuek. Lanabesen izenak, deitura
toponimikoak... gauza asko jaso dira eta beste asko artxibatuta
geldituko dira etorkizunean erabilpen bat emateko.
Hilaren 23ko
ekitaldian grabazio horietako batzuk ikusteko aukera egongo da
Espaloian. "Elgetako alkate Oxel Erostarbek ongi etorria eta eskerrak
emango die euren ahotsakin parte hartu duten herritarrei", azaldu du
Euskara eta Kultura zinegotzi Ana Gillegik. "Elgetako aditza eta
grabazio batzuk erakutsiko dira jarraian eta Elgetako ahotsak proiektua
aurkeztuko da. Bertan izango dira, Iban Arantzabal eta Badiharduguko
ordezkari bat Ostian, parte hartzaile bakoitzari egindako grabazioa
emango zaio. Amaitzeko lunch-a egingo dugu". Herritar guztiak daude
ekitaldian parte hartzera gonbidatuak.
Omenduen zerrenda
1. Luis Altzuaran
2. Isabel Arantzabal
3. Antoni Arantzabal
4. Rosario Arantzabal
5. Sebastian Arantzabal
6. Arantzazu Arantzeta
7. Miren Arantzeta
8. Angeles Arantzeta 'Ermentarikua'
9. M. Luisa Arantzeta 'Ermentarikua'
10. Jose Luis Arantzeta
11. Bernarda Arizmendiarrieta
12. Nati Arrieta
13. Endrike Astola 'Beizu'
14. Sebastiana Atorrasagasti
15. Juanita Beretxinaga
16. Miren Lorea Billar
17. Migel Elkoro 'Asurtza'
18. Antoni Elkorobarrutia
19. Candido Elortza 'Azula'
20. Juan Erostarbe
21. Begoña Arantzeta
22. Juana Errasti
23. Jose Luis Gallastegi
24. Antonio Iturricastillo
25. Leandro Maiztegi
26. Juan Ramon Irazabal
27. Lucio Sarasketa
28. Juan Untzetabarrenetxea 'Zezia'
29. Ramon Zabala 'Sanders'