Parte-hartze prozesua abiatu du Udalak

2015-10-28T11:43:00+01:00 2015-10-28T11:43:00+01:00 2015-10-28T11:43:00+01:00
Elgetako Udalak 'Danon artian danon herrixa' parte hartzeko prozesua jarriko du martxan herritarren eta eragileen parte-hartzea aktibatu eta parte hartzeko kultura sustatzeko. Horretarako, urrian hasi eta abendua bitartean Elgetari buruzko herritarren iritziak, kezkak, nahiak eta proposamenak jasoko dira eta horrekin batera, aurrerantzean herrian parte hartzeko prozesuak arrakastaz garatzeko ordenantzaren oinarriak landuko dira. Ahal den neurrian jasotakoa Udaleko plangintzan eta aurrekontuetan kontuan hartzea da Elgetako Udalaren asmoa.

Hori guztia egiteko herritarrei hainbat bide emango zaizkie iritzia eman eta proposamenak egin ahal izateko:

  • Galdera sorta: Elgetako etxebizitza guztietara bidaliko da, prozesuaren gaineko informazioa emateaz gain, herritarrek inkesta betetzeko aukera izango dute eta udaletxeko harreran edo liburutegian egongo diren postontzietan azaroaren 9a baino lehen utzi beharko dute. www.elgeta.eus webgunean ere zintzilikatuko da on-line galdetegireko lotura

Facebook-etik ere lotura zabalduko da eta beraz ordenagailuz inkesta betetzeko aukera ere izango dute herritarrek.

  • Elkarrizketak: Herriko hainbat eragile, ordezkari politiko eta herritarrei elkarrizketak egingo zaizkie, iritziak jasotzeko eta parte hartzeko prozesuak arrakastaz garatu daitezen ordenantzaren oinarriak zehazten hasteko.
  • Bilerak: bi herri batzar egingo dira, bata azaroaren 18an arratsaldeko 19:00etan pleno aretoan, galdera sortaren emaitza aurkeztu eta herriko diagnostikoa osatzeko. Bestea, azaroaren 25ean arratsaldeko 19:00etan pleno aretoan, Elgeta hobetzeko aurrera begirako proposamenak egiteko eta ordenantzaren oinarriak kontrastatu eta lantzeko.
  • Itzulketa saioa: aurrekontuak zehaztuta daudenean, hurrengo urterako asmoak eta lehentasunak azalduko ditu Elgetako Udalak beste herri batzar batean. Batzarra abenduaren 10ean izango da 19:00etan pleno aretoan.

 

Elgetako Udaleko parte hartzeko batzordeak, denon artean herria hobetzeko aukera ez galtzeko eta prozesuan parte hartzeko deia egiten die herritarrei.