Omenaldi beroa jaso zuten 30 bat elgetarrek egubakoitzeko ekitaldian

2009-01-26T09:12:00+01:00 2009-01-26T09:12:00+01:00 2009-01-26T09:12:00+01:00
Omenduak, ahotsak.com proiektuan parte hartu zuten herritarrak izan ziren, eta eurak ez ezik, senideak ere hurbildu ziren ekitaldira. Egitasmoan parte hartu dutenek, euren elkarrizketak biltzen dituzten grabazioak jaso zituzten. Elkarrizketa batzuk ere ikusgai dituzue BIDEOetan.

Argazki Galeria

 
Created with Admarket's flickrSLiDR.

 

Hunkigarria, baina aldarte eta umore onez betea, halakoxea izan zen ahotsak.com proiektuan parte hartu duten elgetarrek egubakoitzean jasotako omenaldia.
Oxel Erostarbe alkateak eskerrak emanez hasi zuen ekitaldia. Eskerrak, ahotsak.com egitasmoan testigantza eskaini duten herritarrei; baita Badihardugu elkarteari proiektua bultzatzeagatik eta Goibeko kultura elkarteari herriko euskara mantentzeko egindako lanagatik ere. Erostarbek gaineratu zuen Udalak egitasmoarekin jarraitzeko asmoa duela.

Proiektuan parte hartu duten elgetarrei elkarrizketak egiten ibilitako Iban Arantzabalek hartu zuen ondoren hitza, eta azpimarratu zuen, eurei esker, Elgetako berbak eta esaldiak ikasteaz gain, galdutako jolas, ohitura eta lekuei buruzko informazioa ere eskuratu ahal izan zutela.    

Pasarteak gogoratuz

Zenbait arazo tekniko gainditu ostean, omenaldiko protagonistek kamara aurrean esandako hainbat pasarte ikusteko aukera izan zuten Espaloia bete zutenek. Txikitako pasadizoak, jolas kontuak, gerra garaikoak... Senide eta lagunei irribarre eta barre algara ugari eragin zizkieten pasarteak.

Bakoitzak egindako elkarrizketen kopiak banatu zieten omenduei, eta amaiera gisa, afari-merienda ederra egin zuten han bildutakoek. Orduan ere, euskara paregabean, lehengo eta oraingo kontuak izan ziren nagusi.

Elkarrizketen bideoak