Arazorik ez, eta Elgetarainoko bide guztiak libre

2010-02-11T12:24:00+01:00 2010-02-11T12:24:00+01:00 2010-02-11T12:24:00+01:00
Udalak esku artean duen iragarpenak dio denboraleak eman dituela eman beharrekoak. Bihar, zapatua, zertxobait bota dezake baina gutxi. Udal brigadako langileak eta udaletxeko elurra kentzeko makinak lanean dihardute, baina gaur egoera atzokoa baino lasaiagoa da. Herriko kaleak eta baserrietarako bideak garbitu dituzte, baita industrialderako sarrera-irteerak ere. Gaur goizean, izotz-kandelak ikusi ditugu hainbat tokitan.

Euskalmeten iragarpena:

BARIKUA, OTSAILAK 12

Ostiralean izotzarekin jarraituko dugu. Tenperaturan ez dugu aldaketa handirik espero behar eta ondorioz, kostaldean termometroak 3-5 ºC-ra igoko dira gehienez eta barnealdean 0-2 ºC inguruan geratuko dira. Elurra oso maila baxuetan botako du baina prezipitazio gutxi egingo du eta gainera arratsaldetik aurrera atertzen hasiko da. Hala ere, zerua lainotuta egongo da egun osoz eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da eta ondorioz, mendebaldean botako du batez ere.

ZAPATUA, OTSAILAK 13

Larunbatean hotz handia egingo du. Hodeiek zerua estaliko dute, eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Gauzak horrela, tenperaturan ez da aldaketa handirik gertatuko eta botatzen duen prezipitazio urria mendebaldean batez ere pilatuko da. Beraz, asteburuko lehen egunean eguraldian ez dugu desberdintasun handirik sumatuko.

DOMEKA, OTSAILAK 14

Igande arratsaldean hoberako bidean hasiko da eguraldia. Goiz partean zerua lainotuta egongo da oraindik ere, eta mendebaldean bereziki prezipitazioa egingo du. Arratsaldean atertu eta ostarteak zabaltzen hasiko dira. Tenperatura maximoak zertxobait igoko dira baina, hala ere, elur-maila 100 m-ra kokatuko da egunaren lehen partean. Iluntzetik aurrera tenperatura asko jaitsiko da eta izotz handia botako du hainbat tokitan.