Elgetako Udalak 1.906.161 euroko aurrekontua onartu du 2012rako

2011-12-28T11:59:00+01:00 2011-12-28T11:59:00+01:00 2011-12-28T11:59:00+01:00
Aralar-Independenteak eta EAJren aldeko botoekin onartu ditu udalbatzarrak 2012rako aurrekontuak. Bilduko zinegotziak abstenitu egin dira. Inbertsio nagusien artean eskolako jolastoki estalia eta Asentzioko lanak nabarmentzen dira.

2012rako onartutako aurrekontua

Elgetako Udalak 1.906.161 euroko aurrekontua onartu du 2012. urterako. Aralarren eta EAJren aldeko botoekin egin du aurrera aurrekontuak; Bilduko hiru zinegotziak abstenitu egin dira. Ez dugu trabarik ipiniko”, izan ziren Bilduko Janire Lazkanoren hitzak. Erostarbek aurrekontua urtea amaitu aurretik onartu ahal izateko talde politikoek egindako ahalegina eskertu zuen, baita adostasun bat lortzeko erakutsitako borondatea ere.

Sailez sail

Alkateak adierazi zuenez 2012an Udalak mantendu egingo ditu gizarte-ongizatearekin eta euskararekin loturiko diru-lerroak. Horrez gain, mantendu egingo dira herriko elkarte eta eragile ezberdinek Udaletik jasotzen dituzten dirulaguntzak. Alor horretan ez da jaitsierarik aplikatuko. Gainerako batzorde guztietan gerrikoa estutzea tokatuko da. Batzorde gehienetan %25eko jaitsiera emango da; hala nola hirigintzan, kirolean, hezkuntzan, kulturan eta baserritarren batzordean. Jaitsiera %12koa izango da jaien batzordean, eta %7koa turismo batzordean. Aurten betetzen dira 75 urte Elgetako frontea jausi zela, eta hori horrela izanik Udalak ekitaldiren bat egitea aurreikusten du. Bestetik, udal arduradunek batzorde berri baten sorrera iragarri dute; gazteria batzordea, hain zuzen ere.

Inbertsio nagusiak

2012ko aurrekontuak bi inbertsio nagusi aurreikusten ditu; garrantzitsuena, eskolako jolastoki estalia, eta jarraian Asentzioko hezegunea.Laster izango dugu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen ebazpenaren berri”, azaldu zuen Erostarbek. “Domingo Iturbeko lanen bigarren fasea dirulaguntza horien arabera egingo da”. Bestalde, Asentzioko hezegunean hobekuntza lanak egiteko Eusko Jaurlaritzak 168.000 euroko dirulaguntza onartu du. “Adosten joan beharko dugu Asentzion zer, non eta zelan egin gura dugun”, esan zuen Erostarbek. “Eta gero, Angiozarreko bizilagunekin adostu beharko dugu”.

Obra txikiagoen artean aurkitzen dira Ostatu pareko eserlekua berritzea, frontoiko komunetako sarrera egokitzea, eta udal eraikinen inguruko energia auditoriak egitea.

Ludoteka/gazteleku zerbitzua

Krisi garaiotan bi udal zerbitzutan egokitzapenak egitea tokatu dela adierazi zuen alkateak. Lehenengo kirol zerbitzuetan, eta jarraian ludoteka/gazteleku zerbitzuan. Bigarren zerbitzu honi dagokionean Udalak Aste Santura arteko muga ipini du. “Urteetan proiektu honetan bidelagun izan dugun Diputazioak nabarmen jaitsi ditu dirulaguntzak; 18.000 eurotik 3.000 eurora. Zerbitzuaren gastuak handitu egin dira Udalarendako eta sarrerak, berriz, nabarmen jaitsi dira”. Diputazioak hartzen duen erabakiaren araberakoa izango da zerbitzuaren etorkizuna. “Akaso ezingo dugu urte osoko zerbitzua eman, eta garai baten moduan zerbitzua sei hilabetera mugatu beharko dugu”, zioen Erostarbek.

Fondo Forala eta soldatak

Eta Erostarberen esanetan bi inkognita daude 2012rako. Lehenengoa Fondo Forala; “Ez dakigu zelan likidatuko den 2012ko Fondo Forala. %100 bueltatu beharko dugu? Karentzia urtea egongo da?... 2012ko aurrekontuak %50 bueltatzea aurreikusten du, baina baliteke margen gehiago edukitzea”.

Bigarren inkognita udal langileen soldataren igoera omen da. “Aurrekontuan jaso duguna da soldatak berdin jarraitzea; hau da, duela urte eta erdiko egoeran jarraitzea”, esan zuen alkateak. “Oraindik hitzarmen kolektiborik gabe daude langileak, eta bi hilabeteko epea adostu dugu ea denbora horretan akordio orokor bat iristen den”.