VII. Magia Mostra aste bukaeran

2011-05-05T11:36:00+02:00 2011-05-05T11:36:00+02:00 2011-05-05T11:36:00+02:00
Juan Tamariz mago ezaguna izango dugu aste bukaeran Elgetako Espaloian eta bi emanaldi eskainiko ditu: maiatzaren 6an, barikua, egingo du lehen emanaldia, eta maiatzaren 7an, zapatua, bigarrena. Emanaldi biak 22:30ean hasiko dira. Sarrerak on-line eros daitezke, edo Espaloia Kafe Antzokian bertan. Domekan, berriz, kalean izango da magia. Tangorditos bikote artistikoak egingo du emanaldia 12:30ean, plazan.

Tamarizek, bi emanaldi

Juan Tamariz-Martel Negrón kartomagian aditua eta espezializatuta dagoen ilusionista da, nagusiki hurbileko magia motan. Kartetan espezializatutako mago edo azti gisa, mundu guztian arte honetako aditu handi gisa errespetatua da, denen begirunea irabazi duelarik, esku jokoetan ikusleen arreta desbiratzen maisu da.

Horretaz gain bere ekitaldiak bere umore bizi eta berezi, lotsagabekeri eta hitz jario amaigabeaz beterik egon ohi dira, ezaugarri guzti horiek sekulako arrakasta eman diote. Ikusleek gehien oroitzen dutena Tamarizek bere trukoa ongi atera ostean bibolin "ikustezina" ero baten gisa joka hasten denekoa da, beste ezaugarri aipagarria umore ironikoz bere burua "sexsymbol" gisa aurkezten duenekoa da, emakume guztiak bere atzetik dauzkala esanaz.

Sarrerak erosgai daude on-line edo Espaloian bertan. Kontuan hartu on-line erosketak kudeatze gastu batzuk dituztela eta 1,5 euro gehiago balio dutela.

Sarrerak bi prezio dituzte: bazkideendako 20 euro. Gainontzekoendako 25 euro. 

Domekan, magia plazan

Domekan, berriz, Maximiliano Stiak eta Walter Darío Garibottok osatutako Tangorditos bikote artistikoak ekarriko du magia Elgetara. Plazan egingo dute emanaldia 12:30ean. Umorea eta ilusionismoa lantzen dituzte beraien ikuskizunetan.

Argentinarrak dira jaiotzez biak, baina Bartzelonan bizi dira gaur egun. Kale-antzerkia egiten hara eta hona ibiltzen dira, eta sariak ere jaso dituzte; Vila-Realgo (2002) eta Lojako (2004) kale-antzerki jardunaldietan, adibidez.