Mundumira, zentzumen guztiekin gozatzeko festa

2011-05-30T08:58:00+02:00 2011-05-30T08:58:00+02:00 2011-05-30T08:58:00+02:00
Gastronomiaz, musikaz, kulturaz, jolasez… disfrutatzeko aukera egon da asteburu honetan Elgetan. Izan ere, bertan egin da Mundumira kulturen festa aurtengoan eta milaka pertsona bertaratu dira. Zapatu gauean, izan zen jende gehien, izan ere, Los Delinqüentes talde andaluziarrak jende asko erakarri zuen. Jarraian duzue Mundumira festa iruditan jasota:

Argazki galeriak

 

 

Zazpigarren urtez jarraian egin da kulturen festa eta oraingoan ere arrakasta itzela izan du. Elgetako kaleak lepo bete dira bailarako zein beste hainbat tokitatik etorritako jendez eta, eguzkia lagun, izan dute non gozatu: musika, kale animazioa, gastronomia...

Mundu guztiko doinuak

Munduko hainbat tokitatik etorritako musika taldeekin dantzatzeko aukera izan da, besteak beste: Kuba, Mozanbike, Frantzia, Senegal eta Espainiakoekin.

Egia esan, gustura hasten da eguna doinu kubatarrak entzunez eta eguzkiak berotzen duela. Atzo, 12:00etan, Habana Con Kola talde kubatarrak dantzan jarri zituen goizean goizetik Elgetan zebiltzanak. Arratsaldean,  Mozanbikeko Moya Kalongo taldearen doinuekin ere ezin geldirik egon. Abeslaria taula gainetik jaitsi eta jendearekin dantzan ibili zen. Baina gauean etorri zen eztanda. Dub Inc Frantziako taldeak Elgetako plaza saltoka jarri zuen, abeslariak "jump, jump, jump" oihukatzen zuen, ordurako plaza beteta zegoen. Ostean etorri zen Los Delinqüentes talde andaluziarra.  Aurtengo Mundumirako talde izarra izan da eta ez zuen hutsik egin.

Kanpokoez gain, bertakoek ere jo dute Elgetan. Gaur Arrasateko Meri May eta Ain_1 taldeak girotu zuten jaia.

Kale antzerkia eta gehiago

Musikaz gain, beste hainbat ikuskizun ere izan dira, adibidez, kale antzerkia. Atzo goizean Artea Teatro taldeak izugarrizko arrakasta izan zuen, herri guztiak hartu zuen parte Aragoikoen Crazy Test-ean. Barre algara ugari izan ziren. Gaur Kukubiltxoren saioan gustura ikusi ditugu umeak.

Kirolerako ere izan da tartea. Horrela, Euskal Herriko Boulder txapelketa edo BTT zeharkaldia egin dira. Ibilaldiak eta bisita gidatua ere izan dira. 

Zapore eta artisau ugari

Munduko gastronomiaz gozatzeko aukera paregabea da Mundumira: pizza, kebab-a, taloa, eta patata egosiak dastatu ahal izan dira, besteak beste.

Poltsikoa xentimo gabe uzteko arriskua ere bada, izan ere artisauek jarritako postuetan, gauza zoragarriak izan dira: zilarrezko belarritakoak, narruzko poltsak, harrizko lepokoak, eskuz margotutako arropa...

Balorazio positiboa

Elgetako alkateak, Oxel Erostarbe, balorazio positiboa egin du: "200 elgetarrek indarrak batzen ditugunean, gai gara horrelako erronkei aurre egiteko." Gaineratu du ez dela inolako arazo aipagarririk egon.

Bestalde, Euskal Herria aldizkariko Iñaki Rekaldek ere balorazio ona egin du: "Ezin hobeto joan da, uste dut aurtengoa borobil irten dela. Eguraldia lagun izan dugu eta milaka lagun etorri dira Elgetara. Gainera, aurtengoan, umeen gunea indartu dugu, kale giroa polita izan da eta gure filosofia zabaltzea ere lortu dugu. Helburu guztiak bete ditugu. Jada Mundumira jaialdi heldua dela uste dut."

 

MUNDUMIRA ANTOLAKUNTZAren balorazioa:

"Maiatzak 27, 28 eta 29an Elgetan izan den MUNDUMIRA, Munduko Kulturen Jaiaren zazpigarren edizioa arrakastatsua izan da, Euskal Herri osoko bisitari ugari jasoz. Modu honetan, jaialdi kulturalen erreferente bihurtuz, Euskal Herria aldizkariaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen artean antolatutako ekimen hau.
Elgetako kaleetan bildu diren pertsonek antolatutako jardueretan parte hartu dute:
kale animazioa, musika emanaldiak, kirol jarduerak, artisautza azokak, haurrentzako tailerrak, hitzaldiak, audiobisualak erakusketak, haurren gunea, etab.
Jendeari dagokionez, ez da gorabehera nabarmenik egon ekintzaren arabera; etenik barik, egun osoan zehar ibili da jende asko.
Antolatzaileek eskertu nahi dute jaialdi honen garapena eta arrakasta posible egin duten erakunde eta elkarte guztien lana. Batez ere, Elgetako herritarren inplikazioa jaialdiaren garapenean.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu etorri diren guztiei eta baita ere babesleei".

MUNDUMIRA jaialdia