29 herritar omenduko ditu Udalak ahotsak.com ekintzan laguntzeagatik

2009-01-20T13:01:00+01:00 2009-01-20T13:01:00+01:00 2009-01-20T13:01:00+01:00
Hilaren 23an, barikua, egingo dute omenaldi ekitaldia Espaloia Kafe Antzokian. Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea berreskuratzeko proiektu batean lagundu dute.

Elgetako Udalak 29 herritarri omenaldi ekitaldia egingo die hilaren 23an, barikua. Espaloia Kafe Antzokian izango da 18:30ean hasita. Omenaldia izateaz gain ahotsak.com izeneko proiektuaren aurkezpena ere egingo dute bertan.

Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da proiektu horren helburu nagusia. Horretarako 84 herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso dituzte, tartean 29 elgetarrenak. "Nabarmen aldatzen doaz gure berba egiteko moduak, ohiturak. Elgetako euskarak daukan aberastasuna galduz doa eta esango nuke gaizki erabiltzen dela batez ere gaur egungo belaunaldien artian", adierazi du Ana Gillegi euskara eta kultura zinegotziak. "Teknologia berriek ematen diguten aukera ezin hobe hau aprobetxatu nahi izan da, ondare hori danon eskura ipintzeko, ikasteko, ez ahazteko".
Proiektuaren ardura Deba Ibarreko Badihardugu Euskara Elkartearena da, Elgetako Goibeko elkartea parte dela. Grabatuta gelditu dira egindako elkarrizketa guztiak eta materiala horrekin dagoeneko argia ikusi dute Iban Arantzabalek egindako Elgetako Aditz Taulak eta Alberto Telleriak landutako Elgetako mapa toponimikoa.

Grabazio guztiak, gainera, www.ahotsak.com webgunean daude eskuragarri. "Materiala hori, aurrerantzean, edozein lan filologiko edo linguistikoa egiteko jasota geldituko da. Arrasto bat gordeko dugu Elgeta gerra aurretik zer izan zen jakiteko. Gerra aurreko kontuak artxibatuta geldituko dira", adierazi du Elgetako Aditz Taulen egile Iban Arantzabalek.  "Eduki hori guztia, bestalde, libre lagatzea erabaki da www.ahotsak.com webgunearen bitartez. Ez da beste ikerketa zientifikoetan bezala gertatutako ikerlariak berarendako gordetzen duela jasotako materiala".

29 parte hartzaile

Elgetan 29 lagunek hartu dute parte proiektu horretan. "29 hizlari mila biztanleko herri batean kopuru polita da", esan du Arantzabalek. "Jendeak euskara laguntzeko proiektua dela ulertzen duenean ateak zabaltzen ditu, besteak beste zentsura bizi izan dutelako".
Kondaira zaharrak, eskolako kontuak, baserriko lanak... askotariko gaiak izan dituzte hizpide Elgetako elkarrizketatuek. Lanabesen izenak, deitura toponimikoak... gauza asko jaso dira eta beste asko artxibatuta geldituko dira etorkizunean erabilpen bat emateko.
Hilaren 23ko ekitaldian grabazio horietako batzuk ikusteko aukera egongo da Espaloian. "Elgetako alkate Oxel Erostarbek ongi etorria eta eskerrak emango die euren ahotsakin parte hartu duten herritarrei", azaldu du Euskara eta Kultura zinegotzi Ana Gillegik. "Elgetako aditza eta grabazio batzuk erakutsiko dira jarraian eta Elgetako ahotsak proiektua aurkeztuko da. Bertan izango dira, Iban Arantzabal eta Badiharduguko ordezkari bat Ostian, parte hartzaile bakoitzari egindako grabazioa emango zaio. Amaitzeko lunch-a egingo dugu". Herritar guztiak daude ekitaldian parte hartzera gonbidatuak.

Omenduen zerrenda

1. Luis Altzuaran
2. Isabel Arantzabal
3. Antoni Arantzabal
4. Rosario Arantzabal
5. Sebastian Arantzabal
6. Arantzazu Arantzeta
7. Miren Arantzeta
8. Angeles Arantzeta 'Ermentarikua'
9. M. Luisa Arantzeta 'Ermentarikua'
10. Jose Luis Arantzeta
11. Bernarda Arizmendiarrieta
12. Nati Arrieta
13. Endrike Astola 'Beizu'
14. Sebastiana Atorrasagasti
15. Juanita Beretxinaga
16. Miren Lorea Billar
17. Migel Elkoro 'Asurtza'
18. Antoni Elkorobarrutia
19. Candido Elortza 'Azula'
20. Juan Erostarbe
21. Begoña Arantzeta
22. Juana Errasti
23. Jose Luis Gallastegi
24. Antonio Iturricastillo
25. Leandro Maiztegi
26. Juan Ramon Irazabal
27. Lucio Sarasketa
28. Juan Untzetabarrenetxea 'Zezia'
29. Ramon Zabala 'Sanders'