Mundua Elgetan eta Elgeta mundura

2011-05-27T11:40:00+02:00 2011-05-27T11:40:00+02:00 2011-05-27T11:40:00+02:00
Barikutik eta domekara arte Elgeta munduari begira jarriko da. Baina, era berean, Debagoiena Elgetara begira egongo da. Zazpigarren urtez jarraian munduko kulturen festa egingo da gurean. Musika, kale animazioa, natura eta gastronomia dira Mundumirako lau zutabe nagusiak. Aurtengo egitarauak ere hamaika proposamen batzen ditu bere baitan. Musikari dagokionez, Los Delinqüentes talde andaluziarra izango da izarra. Herriko Plazan jarri duten agertoki nagusian –Mundumira agertokia– izango da Los Delinqüentesen kontzertua bihar, zapatua, 23:00etan.

Egitaraua

Ostirala, maiatzak 27

Larunbata, maiatzak 28

Igandea, maiatzak 29

Bertakoak eta kanpokoak

Zapatuko kontzertu nagusiaz gain, beste hainbat taldek ere jardungo dute Elgetan gaurtik hasita. Orotara, 30 taldek animatuko dituzte Elgetako kaleak. Gaur, esaterako, The Billie Jeans talde donostiarrak girotuko du jaia; 20:30ean Mundumira agertokian jardungo dute eta 00:00etan Espaloian.
Bihar, 12:00etan, Kubako doinuek hartuko dute plaza. Habana Con Kola taldeak Kubako musika tradizionalaz girotuko du plaza eta ziur han batutakoek gustura egingo dutela dantza. Gainera, Mozambike, Frantzia, Brasil eta Senegalgo taldeak ere arituko dira Elgetan.
Baina Mundumira ez dago munduari begira bakarrik, munduari bertako kultura erakusteko gogoz ere badago. Hala, Mery May eta Ain_1 taldeek euren lekutxoa izango dute Elgetan. Arrasateko neskek kontzertua eskainiko dute domekan, 12:00etan, Mundumira agertokian. Folk-rock doinuz gozatzeko aukera paregabea izango da.

Kamiseta solidarioak

Ternuarekin elkarlanean elkartasun kamiseta diseinatu dute aurten ere. 24 eurotan jarri dituzte salgai kamisetak (Euskal Herria aldizkariko bazkideendako 18 euro). Saldutako kamiseta bakoitzeko 3 euro bailarako elkarteek aurkeztu dituzten proiektuetarako bideratuko dira. Oñatiko Bubulum elkartearendako, Salmenta Solidarioarendako (Arrasate) eta Eskoriatzako Chiapas elkartearendako izango da dirua.

Hainbat gune

Mundumirako gune nagusia Herriko Plaza izango da. Salbador kalean artisau eta gastronomia postuak jarriko dituzte, eta San Roke kalean bestelako postuak: mendi eta senderismo azoka. Maala parkean, eskola ondoan, gobernuz kanpoko erakundeen postuak jarriko dituzte. Umeen gunea izango da, ostera, kiroldegi ondoko gunea. Zapatuan, 11:00etatik 14:00etara, Pirritx eta Porrotxen Irrien lagunak kluba ekarriko dute Elgetara, aurtengo nobedadeetako bat. Bestalde, bai bihar eta baita etzi ere puzgarriak eta jolasak, rokodromoa, tirolina, ohe elastikoa... izango dira gaztetxoen gozamenerako.
Beste nobedadea da kanpatzeko gunea jarriko dutela. Kanpatu gura duenak poligonoan izango du aukera. Gainera, poligonoan autokarabanendako lekua ere jarriko dute. Hala ere, Sorbeltz autokarabanen elkarteak bost autokarabana jarriko ditu ikusgai Ostatu azpiko aparkalekuan.
Kirol arloan, Euskal Herriko boulder txapelketa jokatuko da Elgetan. Pilotalekuan izango dira lehiak, bihar, goizean eta arratsaldean.

Garraio publikoa erabili

Elgetan 1.000 autorendako aparkalekua egokitu dute poligonoan, baina antolatzaileek gomendatu dute garraio publikoa erabiltzeko Elgetara joateko. Pesak zerbitzu berezia jarriko du bihar eta etzi, eta autobus txartela 1,7 euro kostako da. Informazio gehiago eta ordutegi zehatzak, www.pesa.net atarian.
Mundumira jaialdia antolatzeko aurrekontua 95.000 euro izan da; eta garraio publikoarena 20.000 euro. Euskal Herria aldizkariak eta Mankomunitateak antolatu dute jaia.