Elgetak salatu egin ditu Espainiako armada herrian maniobrak egiten aritu izana

2012-04-24T16:19:00+02:00 2012-04-24T16:19:00+02:00 2012-04-24T16:19:00+02:00
Biharko, elkarretaratzea deitu dute honako lemarekin: "Egia, justizia, kalte-ordaina, zauriak ixteko askatasunez bizitzeko".

Elgetako alkate Oxel Erostarbek, gainerako udal ordezkariekin eta Intxorta 75 urte Elkarteko kideekin batera, prentsaurrekoan salatu egin du Espainiako armada Elgetan agertu izana maniobrak egitera."Udal talde legez, eta elgetar eta bakezale legez, Espainiako armadaren erabakia salatzen dugu, are gehiago frankistek Intxorta hartu zutela 75 urte betetzen direla gogoratzen ari garen honetan", erantsi du Erostarbek.

"Erabat onartezina deritzogu armada espainiarrak erakutsi duen errespetu faltari. Duda barik, probokazioa izan da”, gehitu du alkateak. Erostarberen iritziz, “bada garaia zaharkitutako eskemak gainditzeko, alde batera lagatzeko oraindik batzuek darabiltzaten eskema militarrak, garaile-garaituak modukoak. Atzoko gomutak ahantzi eta bakeari aukera emateko ordua da", azaldu du Elgetako alkateak.

Salaketa

Hori dela eta, Udalbatzak Espainiako armadaren jarrera salatu nahi du, bai eta Espainiako Gobernuarena ere; izan ere, orain 75 urte indar falangistek eragindako kalteengatik barkamenik eskatu barik segitzen du Espainiako Gobernuak, "baina Elgetako kaleetan probokazioa eragiteko erabakiak hartzen segitzen du". Ildo horretan, Elgetan maniobrak egiteko agindua eman duen arduraduna nor izan den argitzea exijitzen dute udal ordezkariek eta bihar arratsalderako elkarretaratzea deitu dute herriko plazan, 20:00etan, “Egia, justizia, kalte-ordaina, zauriak ixteko askatasunez bizitzeko" leloarekin.
Era berean, Elgetako herriari, eta frankisten erasoak jasan zituzten herri guztiei, barkamena eskatzeko exijitzen diogu Espainiako estatuburuari. Elgetatik goraintziak eta elkartasuna adierazi nahi diogu Gernikako herriari, etzi beteko baitira bonbardaketa gertatu zenetik 75 urte.

Oihartzun handia

Espainiako militarren maniobrek herrian eta baita kanpoan ere zeresana piztu dute. Sarean zein euskal hedabide nagusietan oihartzun aizan du gertakariak. 

Gaurko maniobra militarrak iraintzat eta errespetu faltatzat jo dituzte elgetarrek from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.