Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abian

2020-04-27T12:10:09+02:00 2020-04-27T12:10:09+02:00 2020-04-27T12:10:09+02:00
Elgetan 2019ko errenta kanpainan 608 aitorpenetik 231 egin ziren euskaraz, %37,99. Errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpaina abiatu du UEMAk beste erakunde publiko batzuekin elkarlanean.

Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu baldin badira ere alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren ondorioz, errenta euskaraz egiteko kanpainarekin aurrera egingo dute UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik.

Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

Azken urteotan bezala, errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, aurten alarma egoerak baldintzatuta aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu edo udazkenera atzeratu diren arren. Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen badira ere, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena. Batetik, datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi direla. Bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko.

Gipuzkoan, au urterako egitasmoa abiaraziko du Gipuzkoako Foru Aldundiak: 100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz. Horren baitan, Ogasunarekin euskaraz leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan. UEMAk ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du Gipuzkoako udaletarako prestatutako euskarri denetan. Euskarri horiek egokitu dituzte gero tokian tokiko erakundeek, dagozkien mezuak eta datuak sartzeko. Oarsoaldean, esaterako, eskualdeko udal guztiek egin dute bat kanpainarekin, azken urteotan bezala.