Udalbatzak argi berdea eman dio ibilgailuen arautegi berriari

2010-05-13T13:29:00+02:00 2010-05-13T13:29:00+02:00 2010-05-13T13:29:00+02:00
Indarrean noiz sartuko den erabaki behar dute orain; sei hilabeteko frogaldia izango du eta isunen prozesura guztiz lotzeke dute oraindik.

Udal gobernua osatzen duten sei zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten martitzenean ibilgailuen arautegia, oinezkoen kaleetan izeneko arautegia. Kontrako botoa eman zuten oposizioko hiru kideek. Lau aldaketa egiteko proposamena aurkeztu zuten eta ez ziren onartuak izan. "Gure proposamenak ez dira oinezkoen kontrakoak", argitu zuen Patxi Basauri bozemaileak. "Beste herri batzuetan egon den malgutasuna faltan botatzen dugu arautegi horretan, hori da guztia".
Oposizioak egindako lau proposamenak honakoak izan ziren: Lasao kalean aparkatzen lagatzea, Berraodotik Salbador kalerako sarrera zabalik lagatzea, baimendutako kamioien pisua 10 tonara igotzeko, eta denbora tarte laburretan – erosketak etxera igo eta abar – ibilgailuak oinezkoendako kaleetan sartzen lagatzea. "Azken bi puntuak eztabaidatu daitezke", esan zuen hirigintza zinegotzi Iban Retolazak, "baina lehenengo biak onartezinak iruditzen zaizkigu".
Oxel Erostarbe alkateak gaineratu zuen ahalegin handia egin dela arautegiak adostasun zabala izan dezan. "Hirigintza batzordean eta Herritarren foroan eztabaidatu da, egindako ekarpen guztiak aztertu dira eta herritarren iritziak kontuan hartu dira. Osokora ekarri dugun arautegia %100 Herritarren forotik irtendakoa da." Dena den, dokumentu bizia dela ekarri zuen gogora Retolazak. "Indarrean jartzen denetik sei hilabete frogaldia izango du eta berrikusten joan beharko dugu errealitatera egokitu arte".
Edurne Alberdik eta Leire Basaurik aldeko botoa eman zuten, baina baldintza batekin; sei hilabete barru Berraondotik Salbador kalerako sarreran pibote automatiko bat ipintzeko aukera aztertzeko baldintzarekin.

Isunak, irailetik aurrera

Hainbat berrikuntzaren artean, isunak ipintzeko gaitasuna ematen dio arautegiak Udalari. "Prozedura hori lotu beharra daukagu", adierazi du Retolazak. "Asmoa litzateke horren kudeaketa kanpoko enpresa bati ematea". Retolazak aurreikusten du isunen prozedura irailetik aurrera martxan jartzea, nahiz eta aurretik ohar informatzaileak ipiniko zaizkien arautegi berriaren araberako arau hausteak egiten dituzten ibilgailuei.